Gazteen %63k uste du etxebizitzaren gaia herriko arazo larrienetako bat dela
Segurako Udalak ikerketa egin du gazteek etxebizitzaren inguruan dituzten beharrak ezagutzeko. 20 eta 35 urte arteko inkestatuen %56,4 gurasoen etxean bizi da. %18 etxebizitza baten bila ari da
Segurako Udalak herriko gazteen etxebizitza beharrak eta espektatibak ezagutzeko azterketaren emaitzak aurkeztu ditu. Helburu nagusia herriko gazteek etxebizitzaren inguruan dituzten kezkak ezagutzea izan da, aurrera begira etxebizitza politika eraginkorrak diseinatzeko. Besteak beste, inkesta bat zabaldu dute 20 eta 35 urteko gazteen artean. Udal erroldaren arabera, 217 pertsonari zuzendu zaie. %63k uste du arazorik larrienetakoa dela etxebizitzaren gaia.
Inkestatuen artean, %56,4 gurasoekin bizi da, eta %43,6 emantzipatuta dago. %18 etxebizitza baten bila dabil. Horietatik %5,2 emantzipatuta egon arren etxebizitzaz aldatu beharra duten gazteak dira, eta %12,8 gurasoen etxean bizi dira eta lehenengo etxebizitzaren bila dabiltza. Dagoeneko emantzipatuta daudenen %46,3k etxea erosi zuen independizatu zenean, eta %40,9, aldiz, alokairuan jarri zen. Erregimenari dagokionez, %62,5ek etxebizitza jabetzan dauka, eta %25 errentan bizi da.
Herrian nahiago
Emantzipatuen artean, beren beharretara egokituko litzatekeen etxebizitza bat lortzeko %65 prest egon litzateke Seguratik joateko, eta %43,2 Goierritik joateko. Emantzipatu gabeetan ere gazteak alde egiteko prest agertu dira haien beharretara egokitutako etxebizitza lortu ahal izateko. %74, 6 Seguratik joateko prest egongo litzake, eta %33,7 Goierritik joateko. Emantzipatutakoen zein emantzipatu gabekoen gehienek, dena den, herrian bizitzen jarraitu nahi dute ahal dela.
Etxebizitzaren arazoa
Inkesta erantzun duten gazteen %63ak uste du etxebizitzaren gaia gaur egun herriak dituen arazoen artean larrienetako bat dela, eta arazorik larriena dela erantzun du %18,1ek. Seguran gazteek etxebizitza bat eskuratzea oso zaila izango litzateke %56,9ren iritziz, eta nahiko zaila %38,4ren ustez.