Ostadarren dantza topaketa «bereziak» agurtuko ditu loinatzak
Itzulerako edizioa izateaz gain, 20. dantza topaketa izango da. Herri kirol jaialdia izango da festetako azken ekintza. Gastronomia lehiaketan, patatak Errioxar erara
Ostadar Dantza Taldeak dantza topaketa antolatu du etzirako. Gasteizko Adurtza, Arrasateko (Gipuzkoa) Txikitxu-Arrostaitz eta Iruñeko Arrotxapea Dantzan taldeak elkartuko dira. 10:30 aldera bakoitza herriko puntu batetik abiatuko da eta bi orduren buruan Erauskin plazan egingo dute topo. Emanaldia eskainiko dute jarraian, guztiak batera, Bideluze plazan. Arratsaldean, dantza-poteoa egingo dute Kale Nagusian. Erauskin plazaraino joango dira eta han egingo dituzte azken dantzak.
Euria egingo balu goizeko taldeen ikuskizunak Loinazko San Martin plaza azpian eta Pergoletako frontoian eskainiko dira.
Aurtengo edizioa «ohi baino bereziagoa» izango dela iragarri dute. «Pandemiaren etenaldiaren osteko lehena izateaz gain, bi hamarkada beteko dituelako gure ekitaldiak», azaldu dute. Hori dela eta, «noiz baino ilusio eta gogo handiagoarekin» daudela aitortu dute. Herritarrei eta dantzazaleei topaketan parte hartzeko deia egin diete.
‘AZKEN DANTZA MAISUA’
Azken dantza maisua dokumentala estreinatuko dute gaur, 19:00etan, Usurbe Antzokian. Dena den, Paxatxoren hurbilekoentzako eta dokumentalean parte hartu dutenentzako pasea izango da. Publiko zabalarentzat astelehenean estreinatuko da.
Paxatxo molde zaharreko azken dantza maisua izan zen, bera izan baita duela 400 urteko erakusteko modua bizirik mantendu duen azken maisua. Dokumentalak maisurik gabe tradizioak bizirik jarraitu ahalko duen jorratuko du adituen ahotik. Tradizioen malgutasuna, generoa, transmisioa… gaiak ere ukitzen ditu.
TXALAPARTA HOTSAK
Jose Luis Elexpe Pelex eskultorearen Hotsez hots 2.0 erakusketa ere gaur 19:00etan zabalduko dute, Igartza jauregian. Txalaparta ardatz hartuta duela hamalau urte sortu zuen Hotsez hots bildumaren jarraipena da. Burdina eta egurra uztartu ditu sortzaile usurbildarrak. Hilabete egongo da ikusgai.
MOZORRO EGUNA
Mozorroak prest dituzte beasaindarrek. Gazteenek haimak jarriko dituzte Oria ibaiaren ertzean. Beasaingo Udalak ohartarazi du Zaldizurretako goiko eta beheko plazak ezin direla okupatu. Halaber, 02:00etan musikaren bolumena jaitsi egin beharko dute. Biharamunean, kalean dagoen guztia eraman egingo da.
Alkoholaren kontsumoa arduratsua izan dadin BotiTZAR BotilTXAR ekimeneko boluntarioak kalez kale ibiliko dira. Emakunderen eta Itaiaren eraso sexisten aurkako protokoloak ere aktibatuta egongo dira egun osoan zehar.
Elkarteetako kideak sukaldariz mozorrotuko dira. 10:00etan piztuko dituzte suak, San Martin plazan. Ea nork egiten dituen patatarik onenak Errioxar erara. 13:00etan egingo dute sari banaketa. Loinatz Abesbatzak irabazi zuen 2019ko edizioa.
EMAKUMEAK OHOLTZARA
Larunbat iluntzean soilik emakumez osatutako taldeak izango dira protagonistak: The Spolem Girls laukotea arituko da Erauskin plazan eta Amak, Bideluzen.
ARGAZKIAK
Beasain Hiria argazki lehiaketako sari banaketa igandean egingo dute, eguerdian. 26 argazki onenen erakusketa zabalduko dute jarraian, Igartzako jauregian. Aurten 135 egileren 531 lan aurkeztu ziren Argizpiren lehiaketara. Ameriketatik, Asiatik eta Europatik bidali zituzten lanak.
PUNTAKO KIROLARIAK
Arrano Beltza herri kirol taldeak antolatutako ikuskizunak itxiko ditu Loinatz Jaiak, ohiko legez. Izen handiak arituko dira lanean: Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi pentatloian arituko dira. Hamabost egun barru euskal pentatloiko finalean bikotea osatuko dute. Ginezkoetan, harri-jasotzen, Jokin Eizmendi eta Udane Ostolaza arituko dira, buruz buru. Aizkoran, berriz, Mikel Larrañagak errebantxa izango du Iker Vicenteren aurka. Iñaki Azurmendi beasaindarrak Eneko Otañorekin osatuko du bikotea eta Julen Alberdiren eta Mikel Larrañagaren aurka arituko dira.
18:30ean hasiko da jaialdia, Dolarea parkean. Eguraldi txarra egingo balu Gernika pasealekuko frontoian izango da.