Herrimatuz taldekako bertso txapelketako finala gaur jokatuko da Beasainen
Bederatzi taldek parte hartu dute eta Yeaah, Bertso Olariak eta Potto eta pottokumeak taldeek lortu dute finalerako txartela kanporaketetan. Arrano elkartean 22:30ean hasiko da saioa
Gaur izango da Herrimatuz Goierriko taldekako bertso txapelketako finala, Beasaingo Arrano tabernan, 22:30ean. 27 bertsolarik parte hartu dute txapelketan, bederatzi taldetan banatuta, eta hiru kanporaketetan sailkatutako taldeetako kideek abestuko dute finalean: Yeaah taldetik German Urteagak, Lander Arizmendik eta Odei Lopezek; Bertso Olariak taldetik, Ane Belokik, Jone Narbaizak eta Lierni Ugartek; eta Potto eta pottokumeak taldetik Aratz Igartzabalek, Mikel Etxezarretak eta Patxi Ormazabalek.
Yeaah taldeak lehen kanporaketa irabazi zuen, Legorretako Gaztetxean. German Urteaga taldeko kidea gustura agertu da egindako lanarekin: «Oso ondo pasa nuen eta eta sekulako giroa egon zen». Gozatzera irten ziren, eta agurra zen garrantzitsuena haientzat: «Finalera pasa ginen baina emaitza gutxienekoa da, guretzat gure agurra oso garrantzitsua izan zen. Popatik bandaren doinua hartu genuen transexualitatearen inguruan hitz egiteko eta garbi geneukan ze mezu igorri nahi genuen».
Finalari begira, «ondo pasatzea eta gozatzea eta jendeak goza dezala» espero du. Herrimatuz txapelketa bat izatetik harago, «garrantzitsuena bertsotan gozatzea eta elkarri laguntzea» dela dio. «Garrantzisua da Herrimatuz bezalako ekimenak izatea horrek gehiago batzen gaituelako eta aukera ematen du perfil ezberdinak oholtzara igotzeko, hasiberriak adibidez».
Bigarren kanporaketan, Segurako Elorripen, Bertso Olariak taldeak irabazi zuen. «Beteta zegoen hasieratik, afaldu eta elkar ezagutu genuen. Sentsazioa ona izan zen giro aldetik zein bertso aldetik», azaldu du Ane Beloki taldekideak. Txapelketan parte hartzera jende gaztea animatu izana «pozgarritzat» jo du eta finala «fuerte» datorrela uste du.
Azkenekoan, berriz, Ordiziako Kirkilen izan zen eta Potto eta pottokumeak taldea izan zen garaile. Aratz Igartzabalek ere gazteen parte hartzea azpimarratu du eta «giro polita» izatea espero du: «Gazteak nerbio puntu horrekin egon ziren eta saio polita izan zen. Finalean bertsotan jendeak gozatzea espero dut, eta ahal bada irabazi».