Idiazabal gaztaren ibilbidea eta bisitariak, ekonomiaren «hauspoa»
2014 urtetik geroz eta bisitari gehiago erakartzen ditu GR283 edo Idiazabal Gaztaren ibilbideak. Ondare kulturalaren eta naturalen erakusleihoa da, besteak beste
GR283 edo Idiazabal Gaztaren Ibilbidea, Goierriko eta Euskal Herriko produktu turistikoetako bat da. Ibilbide turistiko horri buruzko orain arteko bilakaera azaldu eta aurten gauzatu diren azken berrikuntzen berri eman dute Ordiziako Oiangu parkean atzo egin zuten aurkezpen ekitaldian. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua, Maitane Alvarez Ordiziako Alkateordea, Mikel Plazaola Goitur-eko lehendakaria, Niko Osinalde Goitur-eko zuzendaria eta Leire Arandia, GR283 Idiazabal Gaztaren Ibilbidea kudeatzen duen Erro enpresako arduraduna izan dira. Ekitaldian gonbidatu gisa izan dira, ibilbideak igarotzen dituen herrietako ordezkari politikoak, eta Basque Tourreko ordezkariak, besteak beste.
2014. urtean aurkeztu zuten GR283. Gaztaren prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du, ondare naturalaren, paisajistikoaren eta kulturalaren erakusleiho bikain bat izateaz gain. GR283 aurkeztu eta lehenengo urtean, ibilbidearen mila pakete turistikotik gora saldu zirela azaldu dute Goiturretik. Hurrengo urteetan goranzkoa izan da joera (pandemia egoeran izan ezik). Euskal Herriko bisitariez gain, beste toki askotako eta oso urrutiko bisitariak erakarri ditu. Estatu mailatik, Madrildik, Herrialde Katalanetatik, Aragoitik, Valentziatik eta Andaluziatik, besteak beste. Baina baita urrutiagotik ere, Herbehereetatik, Alemaniatik, Austriatik, Norvegiatik eta Estatu Batuetatik ere. Niko Osinaldek nabarmendu duenez «industria turistikoa gara, aberastasuna sortzen du GR283-k».
Ordiziako alkateorde Maitane Alvarezek ere nabarmendu du ibilbide honek suposatzen duena; «Ordiziak dituen bi errekurtso turistiko garrantzitsuenei balioa ematen die ibilbide honek; batetik, gastronomia eta horren barruan azoka, eta bestetik natura». Horregatik, Idiazabal gaztaren ibilbideak «kanpora begira kokatu» egiten dituela, eta bertako ekonomiarentzat «bultzada» dela esan du.
Goiturreko lehendari Mikel Plazaolak ere eskualdeko marka diren «gastronomia eta natura» indartzen dituela azpimarratu du. Gogoratu du, «Basque Highland» dela Goierriko beste proiektu interesgarrietako bat.
Javier Hurtadok nabarmendu du Idiazabal gaztaren ibilbidea, herrialdean dagoen ibilbide «enblematikoenetako» bat dela. Gaineratu du «garapen jasangarrirako aukera bat» dela, eta horrelako proiektuak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
96 kilometro, 6 etapa
GR283 edo Idiazabal Gaztaren ibilbidea Ordizian hasteko proposamena egin dute. 96 kilometro ditu, eremu urbanoak, landa eremuak eta natura zeharkatzen ditu. Bisitariarentzat interesgarri izan daitezkeen hainbat gune gomendatzen ditu eskuorriak: Ordizia eta bere azoka eta herrigune historikoa; Idiazabalen bertan dauden gaztandegiak eta Idiazabal gaztaren museoa; Mirandaola burdinola, Legazpin; Arantzazu; eta San Adriango pasabidea. Sei etapatan banatuta dago ibilbidea.
Ordiziako D’Elikatuz zentroan hasita, ibilbidea egiteko informazio osoarekin batera, etapa bakoitza bukatzerakoan zigilatu beharreko txartel bat jasoko da. Ibilbide osoa egiten dutenek, Idiazabal gazta erdi bat eta sagardo botila bat jasoko dute opari gisa.