Pausoz pauso, elkarbizitzara bidean
Elkarbide paseoak sortu zituzten iaz Urretxun, pandemia garaian. Helburua da bakarrik daudenei irtenbide bat ematea eta jatorri, aniztasun eta kultura ezberdinetako herritarrak saretzea. Ekainaren amaierara arte izango dira martxan.
Elkartzeko, ezberdinen arteko sareak sortzeko, bizipenak elkarri kontatzeko, elkar ezagutzeko, aisialdiaz gozatzeko,… Helburu horiek guztiak eta beste hainbat biltzen ditu Urretxun maiatzaz geroztik martxan dagoen Elkarbide paseoen proiektuak. Pertsonak erdigunean jarrita, haien arteko harremanetan eragitea helburu duen egitasmoa da, herriko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak sustatuta.
Iaz jarri zuten martxan, “pandemiaren testuinguruan”, Maite Aguado Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko dinamizatzaileak azaldu duenez. Neguko geldialdiaren ostean, aurten udaberriarekin batera jarri dute martxan, eta ekainaren amaierara arte jarraituko dute elkartzen, astean behin. Etorkizunean proiektuak jarraituko duen ala ez ikusteko dago oraindik.
COVID-19ak osasunaren alorrean izan duen eraginaz harago, pertsonen harreman ohituretan eragindako albo ondorioak ere nabarmenak izan dira, Aguadoren ustez. Horren haritik, pandemiaren testuinguruan pertsonen artean sozializatzeko ohiturak aldatu egin direla esan du dinamizatzaileak: “Batzuek elkartzeko beldurra zutela ohartu ginen, bakardade egoerak areagotu egin ziren, eta asko geure baitan itxi gara”. Hala, egoera horiei irtenbide bat emateko helburuarekin sortu zuten egitasmoa. Asteazkenero elkartzen dira, 15:00etan, Urretxuko Areizaga-Kalebarren plazan, eta joatea nahikoa da paseoetan parte hartzeko.
Guztiekin eta guztientzat
Herritar guztientzat dira paseoak, eta, orain arteko saioetan, batez beste, bost bat lagun elkartu direla esan du Aguadok. Gaineratu du Urretxun bertan jaiotakoak, herrira kanpotik iritsitakoak eta Aspaceko erabiltzaileak izan direla parte hartzaileetako batzuk. Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko dinamizatzaileak zehaztu du ohiko harreman sareetatik kanpora atera eta, agian, beste modu batera ezagutzea zaila izango zenekin harremanetan jartzeko aukera ematen dutela paseoek.
“Harreman interesgarriak” sortu direla dio Aguadok. “Betidanik bistaz ezagutzen dugun horrengana edo herrian berriak direnengana gerturatzeko aitzakia aproposa da. Izan ere, egunerokoaren zurrunbiloan, bestela, ez dugu aurkitzen eurengana gerturatzeko unerik eta modurik”.
Lourdes Rodriguez zumarragarra da paseo horietako partaide finkoetako bat, bai iaz eta baita aurten ere. Haren iritziz, “kanpotarrei buruz oso hedatuta dauden aurreiritziak bertan behera uzteko” ere baliagarriak dira paseoak. “Pertsona bat ezagutu arte ez dakigu nolakoa den. Euren larruan jarriz gero, behin ezagututa, bestelako iritzia izango dugu gureak bezalakoak ez diren errealitateen eta pertsonen inguruan”. Rodriguezek kontatu duenez, paseoen aitzakian Urretxukoa ez den emakume batekin gutxieneko harreman bat sortu du berak; “beti ez da posible izaten, baina batzuetan gertatzen da”. Urretxun eta Zumarragan bizi diren herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu Rodriguezek: “Oso aberasgarria da egitasmoa. Oso probetxugarria da gure denbora horrelako proiektuetan ematea”.
Haren hitzetan, gauza bera gertatzen da desgaitasunen bat dutenekin ere: gizartean errotuta dauden zenbait tabu ere hautsi nahi dituzte paseoekin: “Garrantzitsua da hainbat kolektibo edo pertsonarekin nahastea ere. Egunerokoan, guretzat ohikoenak diren pertsona multzoekin izaten dugu harremana, erosoen sentiarazten gaituzten kolektibo horiekin sortzen ditugu harremanak”. Baina, Aguadoren ustez, oso interesgarria da joera hori puskatzea eta beste inguru batzuetara gerturatzea”. Ez bakarrik maila pertsonalean, baita komunitateari dagokionez ere. Era berean, eta helburu berarekin, adin ezberdineko jendearen arteko harremanak ere sustatzen dituzte paseo horietan.
Partaide kopurua mantentzen ari dira azken asteotan. “Aurtengo egoera ez da iazkoaren bera. Iaz behar handiagoa zegoen harreman horiek sortzeko”, ziurtatu du Aguadok. Oraingoz, ekaina amaitzearekin batera bukatuko dira Elkarbide paseoak. Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak egitasmoaren gaineko balorazioa egingo du gero eta orduan erabakiko dute oporren ostean jarraitu ala ez.
Formakuntzatik aisialdiko ekintzetara
2012an sortu zuten Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia. Formakuntza zuen oinarri hasieran, eta, batez ere, Urretxutik kanpokoei harrera egitea zuen helburu. Urteekin, ordea, garatuz eta zabalduz joan da. Harrera Eskola eta Irakurketa Erraza programak edo Aniztasun Jaia, kriket ikastaroa, sukaldaritza saioak eta beste hainbat proiektu sustatzen dituzte orain. Hainbat kolektibok eta erakundek parte hartzen dute.