Oier Ibarluzea pilotaria, egun handirako prest
Larunbatean, 11:00etan, San Joan txapelketako finalak jokatuko dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Oier Ibarluzea urretxuarrak kadete mailako finala jokatuko du, Sanchez nafarraren aurka.
Larunbatekoa oso egun berezia izango da Oier Ibarluzea pilotari urretxuarrarentzat. Izan ere, San Joan txapelketako finala jokatuko du bere herrian. Ederrena pilotalekuan, hain zuzen ere. Bertan eman zituen lehen pausoak pilota munduan, San Joan txapelketa antolatzen duen Goierri kirol elkartearen eskutik. Egun, Lazkaoko Lapke klubeko kidea da.
Ibarluzea 2006an jaio zen eta oso umetan hasi zen pilotan jokatzen. «Nire familia pilotazalea da. Aitonak (Inazio) pilotan jokatu zuen eta, gainera, Urretxuko pilota eskolaz arduratu zen. Aita (Iñaki) ere pilotaria izan zen. Eta anaiak (Ander) pilotan jokatzen du. Farmazia ikasten ari da Gasteizen eta bertako klub batekin jokatzen du. Niri 3 urterekin pilota eskuan jarri zidaten».
Ordutik ez dio pilotan jokatzeari utzi. Aurrean jokatzen du. «Pilota indarrez mugitzen duen pilotaria naizela uste dut. Teknikoki ez naiz onena, baina bi esku on ditut. Ondo moldatzen naiz».
Bere lehen pausoak Goierri kirol elkartean zituen. «5 urterekin hasi nintzen. Pilotari asko ginen. Kuadrillako ia guztiok pilotan jokatzen genuen. Baina duela bi urte bakarrik gelditu nintzen eta beste klub batera joatea erabaki nuen».
Urretxutik Lazkaora
Lazkaoko Lapke kluba hautatu zuen. «Nire ustez, Euskal Herriko klub onenen artean dago. Jabi Gelbentzu lehendakariak eta Asier Mintegi entrenatzaileak sekulako lana egiten dute. Mintegi gure gainean dago entrenamendu guztietan. Une oro gutaz kezkatzen da. Oso gustura nago Lazkaon. Astean bitan joaten naiz bertara. Beste bi egunetan entrenamendu fisikoa egiten dut, nire kabuz».
Txapel asko irabazi ditu dagoeneko. Gipuzkoako txapelketa bi aldiz irabazi du dagoeneko: kimu mailan eta kadete mailan. Asteburu honetan hiru final ditu: Gipuzkoakoa, San Joan txapelketakoa eta Berria txapelketakoa. Bereziena Urretxukoa da, noski. «Lehen aldiz jokatuko dut San Joan txapelketako finala. Ezagunen aurrean jokatzea oso berezia da. Etxean jokatzen duzunean asko animatzen zaituzte eta motibatuago hasten duzu partida».
Gustura dago orain arte egindako lanarekin. «Orain arte ez naiz urduri jarri. Gainera, ez dira partida zailak izan. Ondo jokatu dut».
Finala zailagoa izango dela uste du. «Finala irabaztea zail samarra izango da. Sanchez nafarra aspalditik ezagutzen dut. Umetatik lehia handia izan dugu, beti batak edo besteak irabazi baitu».
Etorkizunari begira, pilotan jokatzen jarraitzeko asmoa du. «Aurten DBH bukatu dut eta datorren ikasturtean Batxilergoa hasiko du, zientzietatik. Pilotari dagokionez, lanean jarraituko dut. Hortik aurrera, etortzen den guztia ongi etorria izango da», azaldu du.
Hasteko, larunbatean San Joan txapelketako finala jokatuko du. Ibarluzearen finala, kadete mailakoa, 11:00etan izango da. Ondoren, Irribarria (Lapke) aramarrak eta Amianok (Tolosa) promesa mailako finala jokatuko dute. Bukatzeko, senior mailako finala jokatuko da: Mata (Oberena)-Elizegi (Tartaloetxe) bikoteak Mendizabal (Soraluze)-Lizeaga (Hernani) bikotearekin neurtuko ditu indarrak.
Igandean, berriz, San Joan Txiki txapelketako finalak jokatuko dira. Txapelketa honetan Goierri kirol elkarteko pilotariak parte hartzen ari dira.
Aurre-benjaminen B finala A.Andueza-O.Burgos eta L.Amenabar-X.Arnaiz bikoteek jokatuko dute, benjaminen B finala O.Asurabarrena-I.Gorostidi eta O.Chefrad-M.Abarrategi bikoteek, kimu mailako B finala A.Chefrad-E.Abarrategi eta A.Garmendia-E.Guridi bikoteek, aurre-benjaminen A finala O.Murua-A.Alves eta U.Madina-N.Cruz bikoteek, benjaminen A finala H.Gorostidik eta P.Mendizabalek eta kimu mailako A finala A.Garmendiak eta U.Larrañagak.