Ezkion 'Ehundu!' familia jarduera egiteko aukera dago gaurtik, asteazkenetan
Igartubeiti Baserri Museoak udarako egitarau berezia prestatu du. Uztailean zein abuztuan, asteazkenetan Ehundu! familia jarduera egiteko aukera izango da, eta ostiraletan, aldiz, uztailaren 15etik hasita, Egin ezazu zure sagar zukua esperientzia sentsoriala. Gaur, 11:30ean izango da ehungintza ezagutzeko familia jarduera. Aurrez izena eman behar da jardueretarako, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 telefono zenbakietan.
Baserria zeharkatuko dute Ehundu! jardueran partaideek, baserriko lanbideak ezagutuz, tartean ehungintza. Egin ezazu zure sagar zukua esperientzian, berriz, sagardoa egiteko modu tradizionala ezagutuko dute, sagarren usaina eta zaporea sentituz, ondoren pisoiekin jotzeko. Kirikoketa ezagutuko dute eta haiek egindako muztioa dastatuko dute.
Bisita gidatuak ere bai
Nork bere aldetik ere bisitatu dezake museoa, bertan dauden QR-en bidez, edo nahiago bada, bisita gidatuen bidez. 11:00etan euskaraz izaten dira bisitak, 12:30ean gazteleraz, eta 17:00etan euskaraz eta gazteleraz. Haurrek bisita modu ludikoan egin dezaten, jolasak proposatzen dituen liburuxka jaso daiteke harreran. Zumalakarregi Museoarekin batera sarrera bateratua eskaintzen da.