Beasaindar guztiek dute jolasteko eskubidea
Beasaingo Kale Hezitzaileek jostailuak kalera atera dituzte. Dozena bat nerabe elkartu dira, hamaiketakoarekin eta musikarekin. Kale ekintza honen helburua beasaindar guztiek jolasteko aukera izatea da.
Beasaingo haur eta nerabeek oporrak hartu zituztela badira aste batzuk: lagunak, eguraldi ona, denbora librea… jolasteko aukera paregabea. Denek, baina, ez dute aukerarik, izan lagunik ez dutelako edo baliabideak falta zaizkielako.
Beasaingo Kale Hezitzaileek kale ekintza egin zuten atzo, Loinazpeko atariko zuhaitzen gerizpean, jolasteko eskubidea herritar guztientzat bermatzeko. 11:30ean elkartu ziren eta dozena bat nerabe bi orduz jolas eta jolas aritu ziren. Zirku jolasak egin zituzten, hala nola, diaboloarekin eta makil txinatarrekin, punteria jolasak, ur ponpak egin zituzten, ur jolasak… adingabeek aitortu zuten hauek izan zirela gehien gustatu zitzaizkienak, bero errea arintzeko aproposenak zirelako.
Nerabeek aipatu zuten irrikaz joaten direla halako kale ekintzetara, ongi pasatzeaz gain, lagunak egiteko ere baliagarria delako. Kale hezitzaileek ere gauza bera nabarmendu zuten: «Programa hau Beasaingo Udaleko Ongizate sailean kokatuta dago, ez gaztedian. Ongizate sailak beasaindar guztiei ematen die zerbitzua, denon ongizatea duelako helburu. Horregatik, deialdi irekia da», egin zuen gonbita Leire Elorza Lopez kale hezitzaileak.
Udan kale ekintzen maiztasuna ugaritu egiten dute, nahiz eta urte osoan egiten duten lan. Hurrengo hitzordua datorren astean dute: uztailaren 27an, Loinazpeko jolastokian, 11:30ean. Abuztuaren 4an ere elkartuko dira, toki eta ordu berean. Deialdi irekiak dira. Hau da, ez dago izena eman beharrik aurretik.
Kale hezitzaileak zer dira?
Kale hezitzaileak Beasaingo Udaleko gizarte eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzeko zerbitzua da. Nerabeei euren garapen pertsonalean laguntzea eta tresna hezitzaileak eskaintzea da helburua, bakoitzaren egoera soziala eta ekonomikoa edozein dela ere. Hala, adingabeak elkarren artean saretzen dira eta baliabide komunitarioetan normaltasunez parte hartzeko trebetasunak bereganatzen dituzte.
Kale hezitzaileek askotariko arduerak antolatzen dituzte, finkatutako helburuak lortu ahal izateko. Normalean, nerabe koadrilekin egiten dute lan, gazte eta nerabeen testuinguruan. Hau da, hezitzailea gazteen bidelagunak izango dela diote.