Beasaingo ezpatariek Amaiur omendu dute
Aurtzaka dantza taldeko kideak Amaiurko gazteluaren setioaren 500. urteurrena gogorarazteko ekitaldian izan dira asteburuan. Igartzako ezpata dantza egin eta Nafarroako bandera zeruratu dute
Nafarroako bandera bat Amaiurko gaztelua zegoen toki berean ari da dantzan, setiatu zutenetik bost mendera. Aurtzaka dantza taldeko kideak dira bandera astintzen ari direnak. Igartzako ezpata dantza interpretatu zuten beasaindarrek, haria ez dela eten irudikatzeko.
Beasaindarrez gain, Euskal Herri osoko beste sei konpainia ere izan ziren asteburuan Amaiurren (Nafarroa): Baztango dantza taldea (Arizkun, Nafarroa), Amaiur dantza taldea (Iruñea), Arrola taldea (Baigorri, Nafarroa Beherea), Iurretako dantzariak (Bizkaia), Udaberri taldea (Tolosa, Gipuzkoa) eta Jare dantza taldea (Gasteiz). Antolatzaileen arabera, inoizko ezpata-dantzarien elkarretaratze handiena izan zen. Gaztelu elkartea, Aranzadi eta Amaiurko Udala izan ziren omenaldiaren antolatzaileak.
Amaiur ia alderik alde lotu zuten euren ezpatekin. 11:00etan abiatu ziren dantzariak elizatik gaztelua zegoen tokia zehazten duen monolitora; lehendabizikoak bertan zirenean, azkenak irten berriak ziren.
Monolitoaren aurrean Amaiurko eta Baztango alkateek lore eskaintza egin zuten. Nafarroako kateak iradokitzen zituen lore sorta utzi zuten. Dozenaka ordezkari politiko eta instituzional elkartu zen. Markel Olano Ahaldun Nagusi beasaindarra han zegoen, esaterako.
Amaiurko alkate Ixabel Alemanek hartu zuen hitza, gogoratzeko 1522ko borrokaldiaren oihartzuna gaurdaino iritsi dela: «Gure egiten dugu Amaiur defenditu zutenen askatasun gogoa», esan zuen.
Uztailak 19
Nafarroako eta Gaztelako gerlariek hamar urte zeramatzaten borrokan: gaztelarrek Amaiur bereganatzea lortu zuten aurretik, baina nafarrek, tropa frantziarren laguntzarekin, atzera berreskuratu egin zuten; espainiarrek ez zuten amore eman 1522. urtean berriz erasotu zuten. Uztailaren 19an, gotorlekuko dorre nagusia eztandarazi zuten kanpotik eta barruan gotortuta zeuden soldaduentzat ezinezko lana bilakatu zen gehiago eustea. Amaiur erorita, Nafarroa Garaia espainiarren eskuetan gelditu zen. Gerrak bost urte gehiago iraun zuen, dena den.
Amaiurko setioa gertatu zenerako Goierriko lurrak gaztelarren esku zeuden. 1200 urte inguruan konskistatu zituzten.