Olaberrian Bujanda eta Lasa Plaza izendatu dute, herritarrak oroituz
Bujanda eta Lasa Plaza. Bi izen horiekin deituko zaio aurrerantzean Olaberriko udaletxearen alboko plaza txikiari. Igandean, Olargi oroimen historikoko taldeak eta Olaberriko Udalak antolatuta, memoriaren ekitaldia egin zuten han. Altzairu herdoilgaitz distiratsuko metalezko plaka batek adierazten du harrezkero plazaren izen berria.
1936an eraildako Jesus Bujanda eta Martzelo Lasa oroitzeko eta omentzeko balioko du keinuak. Igandeko ekitaldian txalaparta, Amak musikari laukotea, Leire Bujanda birbilobaren Agur dantza, Ekaitz Goikoetxearen bertsoak (eta hark irakurri duen Irati arrebaren poesia), eta hitzaldiak izan ditu osagai. Olaberriko alkate Jokin Garmendiak, Olargi taldeko Mari Jose Intsaustik, eta bukaeran Jose Mari Bujanda (aita zuen Jesus Bujanda) eta Jose Angel eta Eki Munduate senitartekoek hartu zuten hitza.
Amak Taldeak Bujanda eta Lasari egin dien Egiaren arnasa abestia eskaini zuen, ekitaldia amaitzeko, Leire Bujandaren dantza garaikidea lagun. Argazki liburuxka aterako du udalak.