Ordiziako plazaren babesean azokako ekoizleak beste asteazken batez
Ordiziako Azokako ekoizleak plazaren babesean izan dira beste asteazken bero batez. Hainbat produktu berri ekarri dituzte gaurkoan ere.
Ordiziako Azokak eta bertako ekoizleek ez dute atsedenik hartzen abuztuan ere. Gaurkoan bero ikaragarriari aurre egiteko, ohi bezala, plazaren babesean izan dira ekoizleak, produktuak eguzkitan ez izateko ahaleginak egiten ibili dira zenbait.
Gaurkoan ere hainbat berrikuntza ekarri dituzte plazara, hala nola, Gazteluko Usurburu Baserriko Axun Etxeberriaren sagar dultzea, 8,5€/kg-an. Horrez gain, Arana mermelada ere ekarri du Etxeberriak 10€/kg-ra. Iguategi Etxeak, aldiz, orburu sustarrak ekarri ditu gaurkoan Ordiziara, 1€-an unitatea. Irabi Azpi Baserriko Edurne Jauregi baliarraindarrak ere izan du zer eskainia gaurko azokan, berrikuntza gisa kristal piperra ekarri baitu, 6€/kg-an. Arantxa Lopetegik etxeko udara berria ekarri du, 2€an kiloa. Jose Antonio Aizpuru errezildarrak, aldiz, Urkizu sagarra izan du gaur eskaintza, 2€/kg-ra. Hala ere, sagar hauek gordinik jateko ez daudela oraindik aipatu du, hau da, erreta jateko edota membrilloa egiteko egokiak direla; baina hurrengo asterako gordinik jateko moduko sagarren bat edo beste ekartzeko moduan izango dela aipatu du. Beste hainbat produktu ere topa daitezke gaurko Ordiziako Azokan, adibidez, Itaie leka 6€/kg-an edota Belladona lore sorta 5€/sorta.
Perretxikuetara joz, ziza-horiak, onddo korearra eta Shitake perretxikuak ere izan dira gaurkoan azokan, Lasaren eskutik, joan den asteko prezio berdintxuetan.
Tenperatura beroak direla eta zenbait ekoizlek haien eskaintza aldatu behar izaten dute, produktu batzuei kalte egiten dietelako edota beste batzuk garaiz aurreratzea dakarrelako. Jose Antonio Aizpuru errezildarrak aipatu duenaren arabera, beroaren eraginez mahatsa 15 egun lehenago omen dator aurten eta mahats horretatik lortuko den ardoa gradu bat edo bi gehiagokoa izango dela aurreikusten dute. Hainbat eta hainbat dira lehortearen ondorioak jasaten ari diren ekoizleak eta azokan ziotenaren arabera, kaltegarria da garaiko produktuak kontsumitzerako orduan, garaiak ez direlako berez izan beharko liratekeenak eta produktuak ere ez daudelako egon beharko liratekeen bezala.