Veronica Urkiola gabiriarrari plaza bat izendatu diote Hondarribian
Larunbatean egin zuten Mendelu auzoko plaza bat berrizendatzeko ekitaldia. Pertsona maitatua eta estimatua izan zen han gabiriarra, senarrarekin batera eduki zuten okindegiaren bitartez.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/09/13.jpg)
Veronica Urkiola Lekuona gabiriarrak plaza bat dauka Hondarribian (Gipuzkoa). Larunbat eguerdian egin zuten Mendelu auzoko 25-27 zenbakietan dagoen eremua gabiriarraren izenarekin jartzeko ekitaldi instituzionala, Txomin Sagartzazu alkatea buru zela. Ekimena Emeki talde feministak bultzatu zuen, eta udalbatzak otsailaren 24ko osoko bilkuran nartu zuen. Hondarribiko zazpi plazari eta lekuri emakume izenak jarri dizkiote; Urkiolarena izan da azkena.
Veronica Urkiola 1914ko urtarrilaren 12an jaio zen Gabiriako Aunditegi baserrian, eta 1993ko ekainaren 14an hil zen. Zazpi anai-arrebatan zaharrena zen, eta gazte-gaztetatik Donostiako hainbat etxetan aritu zen zerbitzari lanean. Han ezagutu zuen Felipe Arratibel Munduate, gerora senar izango zuena; hura ataundarra zen, okina ogibidez.
1936ko Gerra bukatutakoan Hondarribira joan ziren bizitzera Urkiola eta Arratibel. Iritsi eta gutxira, Mendeluko Ugarte etxean zegoen Albisu okindegia alokairuan hartu zuten, eta berehala auzoko tokirik jendetsuenetakoa bihurtu zuten. 1957an, Zubieta etorbideko eraikin batera lekualdatu zuten negozioa, eta gaur egun ere han da okindegia.
Oso pertsona ezaguna eta maitatua zen Urkiola Mendelu auzoan, bai eguneroko lanagatik, baita bere izaera onagatik eta prestasunagatik. Hondarribiko Udal Liburutegiko liburuzain Kote Guevarak adierazi duenez, Urkiola oso emakume “xumea” zen. “Bizirik balego, ez zukeen ulertuko zergatik egiten ari garen plazari bere izena jartzeko ekimen hau”. Garai latzak pasa izan zituela jakinarazi du Guevarak, 1936ko gerra ondoan.
Albistearen testuinguruan sakontzeko, irakur Bidasoko Hitzaren albistea.
Argazkiak: Urko Etxebeste, Bidasoko Hitza.