Pago motzak ezagutzeko irteera igandean
Alvaro Aragon adituak gidatuko du 'Pago motzak, baso-kulturaren ondare biziak' ibilaldia. Aforoa mugatua denez, izena ematea derrigorrezkoa da.
Datorren igandean, urriaren 9an, Pago motzak, baso-kulturaren ondare biziak txango gidatua egingo dute Zegaman, Anduetza parketxean eta Zegamako Udalak antolatutako Zur eta lur programaren barruan. Txangoa Alvaro Aragon Ruano adituak gidatuko du, EHU-ko irakaslea eta ikertzailea da. Aragonek basoen egur ustiaketa jasangarria den lepatze edo mugarrotze teknika gertutik aztertu du.
Txangoaren abiapuntua Beunda atsedenlekua izango da (Otsaurtetik abiatuta 1.5km-ra), 10:30ean. Ibilaldi erraza da, eta 2 ordu inguruko iraungo du, azalpenak barne. Parte hartzea doan da, baina aforoa mugatua denez, izena ematea derrigorrezkoa izango da. Izena emateko edo informazio gehiagorako 943 80 21 87 / 688 623 609 telefono zenbakietara dei daiteke, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus posta helbidera idatzi.
Zuhaitzen bizi luzagarri
Pago motzak edo lepatuak, egurra lortzeko biziki moztutako zuhaitzak dira; aldi berean azalera horretako abeltzaintzaren aprobetxamenduari laguntzen dutenak. Inausketa horiek egurrean zuloak eta usteltzeak eragiten dituzte, eta zuhaitzari bizi-luzetasun handiagoa ematen diote gainera.
.