Beroketa globalaz hitzaldia eta txangoa dituzte bihar Olaberrian
Asteklima Euskadiko klima eta energia astearen barruan, Olaberrian planetaren tenperatura gorakadari eta horren gertuko eraginei buruzko jardunaldia antolatu du udalak. Beroketa globala nabaria da, eta orain zer? galderari erantzungo diote, bihar.
Bi atal izango ditu ekimenak. Lehenbizi, 10:00etan, gaiaren aurkezpena egingo dute bi adituk, Ihurrezarra eraikinean. Arantza Aranburu olaberritarra eta Ane Zabaleta gonbidatuko dituzte hizlari gisa, geologoak biak.
Txangoa herrian
Hitzaldi-praktikoa izango denez, ondoren, 10:30ean, herrian barrena txangoa egingo dute partaideek, bi geologoen azalpenak entzunez eta lekuan lekuko adibideak ikusiz. Mokadu bat janez amaituko dute, 13:00etan.