Frutak agintzen duen garaia
Baratzeetatik feriara produktu berriak iristen badira ere, fruten atala izaten ari da azken asteotan albiste iturri nagusi. Oraingoan kiwiak iritsi dira, baita sagar barietate bat gehiago ere.
Ia asteazkenero izaten da feriaren ohiko martxa aztoratzen duen zerbait, eta atzo Espainiako Alberto Chicote sukaldari ospetsuak lortu zuen hori. La Sexta telebista katerako Te lo vas a comer saioetako bat grabatzen ari zen, eta nahiko zalaparta sortu zuen inguruan, jende askok ezagutu, eta hari argazkiak atera nahian ibili zirelako. Perretxikoei buruzko galderak egiten ibili zen Lasa eta Barcinaren postuetan, eta plaza barrura ere egin zuen bisita.
Chicotek eta harekin zegoen grabazio talde handiak bakarrik ez, Urretxuko Gainzuri ikastetxeko ikasleen bisitak ere eman zion giro berezia atzoko feriari.
Kiwia eta sagar berri bat
Bestela, azken asteotan bezala, berritasunak ere eskaini zituen feriak, eta fruten ataleko bi aipatu behar dira lehenik. Hasteko, kiwia. Kanpotik aspaldi ekarria, hemengo klimara ondo egokitu den fruta da, eta horren adibide atzo Axun Etxeberriak salgai jarri zituenak, urteko lehenak. Zaldibiatik ekarriak, kiloa 4 euroan jarri zuen salgai. Kiwia bildu eta gero heltzen den fruta horietako bat omen da, baina Etxeberriak zioenez, oraintxe ere, zuhaitzetik zuzenean hartuta ere, jateko moduan daude, «gozo-gozoak».
Bestalde, barietate berri bat gehitu zaio sagarren eskaintza zabalari. Joxe Antonio Aizpuru Granny Smith saltzen hasi da, 2,5 euroan kiloa. Postu honetan bazen beste nobedade bat ere, QR kode bat jasotzen zuen kartela. Kode horrek instagrameko @mugarrietasagarrak kontura eramaten du, Aizpururen baserriko berri ematen duena.
Behi gazta berri bat ere aipatu behar da, Mutiloako Beñat Telleriak aurkeztutakoa. Maiatzean egin eta sei hilabetez ontzen eduki eta gero, atzo eraman zuen lehen aldiz plazara. Bezeroek oso gustuko duten gazta dela zioen mutiloarrak, ohikoa baino onduagoa eta fuerteagoa delako. Kiloa 18 euroan zuen salgai.
Onddo ugari berriz ere
Chicotek errepasoa egin eta gero, perretxiko eskaintza honela geratu zen: 370 kilo onddo (12-28 €), 16 kilo ziza hori (14-30 €), 29 kilo niskalo (18-25 €), 15 kilo saltsa perretxiko beltz (18 €), 29 kilo mendiko angula (18-20 €), 6 kilo gorringo (25-38 €), eta 4 kilo kardu perretxiko (18-28 €). Gibelurdinak ere bazeuden, urteko lehenak, 5 kilo (30 €).