AHTren Ezkioko geltokiko lanak geldirazi ditu ETSk, atzerapenengatik
Erdizka utzi dute Ezkioko geltokiko azpiegitura, trenbidea martxan jartzeko falta diren urteen aurreikuspenean mantentze eta zainketa kostuak saihesteko
AHT Abiadura Handiko Trenaren Goierriko azken azpiegitura, Ezkioko geltokia, ez dute bukatuko. Eusko Jaurlaritzaren menpeko ETS Eusko Trenbide Sarea enpresa publikoak eten egin du Iparragirre Eraikuntzak enpresarekin zeukan kontratua, atzo Gara egunkariak argitaratu zuen informazioak dioenez. Arrazoia, trenbidea martxan jartzeko atzerapena da.
Ezkioko geltokia eraikitzeko lanak 2021eko martxoan izenpetu zituzten, 3,93 milioi euroko kostuarekin. Bederatzi hilabetean bukatzea zen baldintza 2022ko otsailerako. Baina bi luzapen ematea onartu zuen ETSk, pandemiaren ondorioekin justifikatuta bat (aurtengo urtarrilean), eta Ukrainako gerratik eratorritako material faltagatik bestea (ekainean). Hala eta guztiz, irailaren 27a zen bukatzeko azken epea, Gara-ren informazioaren arabera.
Eusko Legebiltzarrean Iñaki Arriolaren sailari galdetuta, ezusteko erantzuna eman du orain ETSk. Kontratua eten du. Lan batzuk eginda daude, baina ez guztiak. Geltokira iristeko errepidea bukatuta dago, baita sarrera plataforma, aparkalekua eta eraikinaren oinarriak ere: egitura osatuta eta iragazgaizkortasun lanak bukatuta daude.
Baina eraikina bukatzea falta da. AHT martxan jartzeko gutxienez beste sei bat urte beharko direla oraindik ikusita, ez bukatzea erabaki du ETSk, obraren arduradunak. Mantentze kostuak, eta lapurreten edo suntsiketen ondoriozko kalteak eragotzi nahi dituzte, 1,55 milioi euroan zenbatu dituztenak.
Zainketa gastua urtean 200.000 eurokoa izango litzatekeela argitu dute, eta mantenimendu gastua urtean 40.000 euro gehiago. Horri, geltokia funtzionamenduan jartzeko azken lanen 110.000 euroko inbertsioa gehitu behar zaio.
Iparragirre Eraikuntzak enpresa goierritarrak, kontratua eten diotenez, egin gabe utzi dituen lanengatik esleipen kontratuko prezioaren %6 kobratzeko eskubidea dauka, industri-etekinaren kontzeptuan.