Azaroaren 25aren inguruko adierazpen instituzionala egin dute Goierri garaiko udalek
Urtero bezala, indarkeria matxistaren aurkako aldarria egin dute Ezko-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udal ordezkariek.
Ostiralean Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagertarazteko Nazioarteko Eguna izango da. Urola Garaia mankomunitateko Berdintasun arloko kideek adierazpen instituzionala irakurri dute gaur Urretxuko udaletxean. Horra hor testuaren edukia:
“Beste urte batez, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontrako aldarria egin nahi dugu. Ozen esan, indarkeria matxistaren forma ororen kontra gaudela, eta horiek betetzen duten funtzio soziala, hau da, emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea gaitzesten dugula.
Beraz, indarkeria matxista indarkeria sistemikoa dela adierazten dugu. Indarkeria horren adierazpideak fisikoak, psikologikoak, sexualak eta ekonomikoak dira, eta emakumeen eskubideak eta autonomia onartzen ez dituzten sineste patriarkalak dituzten eta emakumeen kontrolpean mantendu nahi dituzten gizonek gauzatzen dute. Horrela, hertsatuz eta bortizkeriaz, emakumeen oinarrizko eskubideak bere osotasunean erabiltzea eragozten dutelarik.
Bide horretan, aurtengo martxoaren 7an Urola Garaiko Mankomunitateko batzar orokorrean onartu genuen eskualdeko III Berdintasun Planaren “Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” ardatzak dioen moduan, emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren adierazpen larrienetakoa da indarkeria matxista. Ez da indarkeria erabiltzen duten gizon batzuen arazo indibiduala, baizik eta arazo estruktural eta sistemikoa, bizitzako arlo guztiei eragiten diena, eta berau sostengatzen duen matxismoa desagerraraztea eskatzen duena. Horretarako konponbidea berdintasuna orokortzetik etorriko da, gure gizartearen balio eta helburu gisa.
Urola Garaiko Udal Elkarteak eta berau osatzen dugun lau Udalek berresten dugu, planaren baitan jasotzen den moduan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde lan egiten jarraituko dugula eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jartzen jarraitzea izango da gure lehentasuna. Era horretan, planak jasotzen dituen hurrengo helburuak betetzeko konpromisoa berresten dugu:
- Lehenik, prebentzio politikak eta programak inplementatzen jarraitzea eta indarkeria matxista jasan duten emakumeen eta haien seme-alabei arreta integrala ematea. Prebentzioari dagokionez, Urola Garaian barne-mailan indarkeria kasuen aurrean jarduteko protokoloa azken urteetan aktibo egon ez bada ere, berau eguneratu eta aktibatzeko prozesua burututa, berriro martxan da. Hori horrela izanik, datorren urteetako erronka, inplikatutako agente guztien arteko sinergiak eta elkarlana fintzea izango da.
- Bigarrenik, erreparazioa eta oneratzea bermatzea, horretarako emakumeak subjektu aktibo izango dira eta bide emango zaie gogoeta eta praktika eraldatzaileak diseinatzeko. Azkenik, indarkeria jasan duten emakumeak oneratu eta ahalduntze prozesuak sustatuko ditugularik.
Zehazki, erreparazio printzipioak esan nahi du emakume bizirauleei arreta ematen dieten zerbitzu publikoek ekintzak bideratzea maila guztietan jasandako kalteak arintzeko; halaber, indarkeriak emakumeengan utzitako ondorioei arreta jarriko zaiela bermatzea eta neurriak hartzea emakumeen eskubideen urratzea ekarri dituzten egoerak berriz ez errepikatzeko.
Tokiko erakunde gisa, gure politiketan erreparazio-printzipioak bermatzeko bete beharreko helburuak hurrengoak dira:
- Biktima bizirauleak berreskuratze eta erreparazio prozesuan laguntzea, beraien gaitasun eta aukeratzeko ahalmena indartzea, biktima-bizirauleentzako ahalduntze pertsonalerako neurriak garatuz
- Gertakizunen errepikapena ekiditeko prebentzio politikak sortuz eta martxan jarriz
Eta horiek betetzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala nola, horiek burutzeko tresna diren eskualde mailako Berdintasun Arloa eta Emakumeen Etxea bultzatzen eta garatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Baita, beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan arituko gara eta aldi berean, gizarte-taldeekin eta talde feministekin betekizun honetan.
Bukatzeko, Urola Garaiko biztanleei dei egiten diegu, Azaroaren 25aren bueltan antolatu diren ekintza eta aldarrikapenetan parte hartzera”.