Munduko bost pilota txapeldun, Olaberrian
Olaberriko Pilota Taldeak goren mailako pala txapelketa antolatu du, zortzigarren urtean jarraian. Bihar hasi eta larunbatera bitarte jokatuko da VIII. Olaberriko Elite Txapelketa. Hamasei pilotari gonbidatu dituzte, horietatik bost urrian Miarritzeko Munduko Txapelketan txapeldun ateratakoak dira: Imanol Ibañez, Ruben Aiarra eta Emiliano Skufca bikotea osatuz, Carlos Baeza eta Javier Labiano. Goierriko bakarra Xabier Ibarguren profesional lazkaotarra da.
Berrikuntza bat du aurtengo txapelketak: partidak arratsaldeetan jokatzea. Bihar paleta larruzko finalaurreko lau partida jokatuko dira, eta ostiralean pala motzeko beste lau; 18:30ean hasiko dira bi jaialdiak.
Haurrak ere bai
Ostiralean, elitekoen aurretik, harrobikoen txapelketa ere hasiko da; infantil-kadeteen finalaurrekoa lehenik, eta benjaminena ondoren. Lehen arloan Olaberriko bost pilotarik jokatuko dute, Aiako, Oiartzungo eta Zumaiako beste banarekin zortzikoa osatuta. Benjaminetan, berriz, Ordiziako Oiangu klubeko bi bikote eta Segoviako (Espainia) beste bi jarriko dituzte aurrez aurre.
Beste behin, txapelketa «bikaina» izateko osagai guztiak batu dituzte, Olaberriko Pilota Taldeko Xabier Berasategik eta Garikoitz Arrietak aurreratu dutenez. Ordiziako Oiangu klubaren eta Olaberriko Udalaren laguntza eskertu dute, «dena izan baita erraztasuna haien aldetik».
Partidak Olaberriko pilotalekuan dira. Sarrera doan da.