Hitanoa indartuta atera da
Eukene Urrestarazu idiazabaldarrak eta Arene Perez mutiloarrak irabazi dute Hika-mika lehiaketako saria. Balorazio «positiboa» egin du Aittu! taldeak.
Amaitu da Euskaraldia, amaitu da Hikaldia, eta iritsi da Beasaingo Aittu! euskara taldearen ekimenez antolatu den Hika-mika lehiaketaren irabazleak ezagutzeko unea. Katxalin erretegian egin zuten sari emate ekitaldia, atzo. Eukene Urrestarazu Baztamintza idiazabaldarrak eta Arene Perez Oiarbide mutiloarrak jaso zuten sari preziatua; bi pertsonentzako bazkaria, Beasaingo Kattalin jatetxean bertan. Arantxa Agirrezabala erretegiko arduradunak eman zien saria.
Euskaraldiaren baitan antolatu den Hikaldiaren helburua izan da «hitanoa indartzea» Aittu! taldeko Patxi Saezek adierazi duenez, zeren «oso ahul dago hitanoa Beasainen, eta sustatu nahi genuen», indarra, «bi norabidetan» eginez.
Batetik, «etxe barruko txansmisioan». Horri heltzeko, herriko ikastetxeekin harremanetan jarri ziren eta «50 familiak», seme-alabei hikaz egiteko konpromisoa hartu zuten. «Oso positiboa» da Saezentzat, «herrian 50 familia hortara animatzea».
Bestetik, «adinkideen arteko sozializazioan sortzen den transmisioa» dago. Saezek argudiatu duenez «orain arte beti pentsatu izan da transmisioa bertikala dela, hau da, gurasoetatik seme-alabetara ematen dela, baina badago transmisio horizontala ere, adinkideen artekoa, alegia». Haurtzaroan, lehenak du indarra. Gaztaroan, ordea, gazteen arteko sozializazioak.
Gazteengan eragin
Goierrin, gazteen artean hitanoa erabiltzen da, nahiz eta galtzen ari den. Instituto garaian, herri desberdinetako gazteak elkartzen direnean, sortzen dira harreman sare berriak, eta Aittu! taldeko lehendakariak ondorioztatu duenez, «Beasaingo gazteei gertatzen zaie hikaz egiteko hanka-motz sentitzen direla, herri txikiagoetatik datozenen aldean». Hor eragin nahi izan du Aittu! euskara taldeak.
Erabilera bultzatzeko aukera desberdinen artean, Hika-mika lehiaketa antolatu zuten. Lehiaketa horretan 18 bikotek hartu dute parte, gehienak «gazteak». Hain zuen ere, 17 urte dituzte irbazleek. Aittu! taldeko kideak «pozik» daude, «gazteengana iristea» lortu dutelako.
Bi ariketa egin behar zituzten lehiaketako partaideek: bata, negarretik eta barretik, bizipozak, biziminak eta atsekabeak kontatu behar zizkioten elkarri; eta bestea, elkarrekin haserretzen ziren bi lagun.
Irabazleek aurkeztu duten ariketaren inguruan epaimahaiak nabarmendu du, «jarioa, naturaltasuna, egokitasuna, sormena, umorea eta nokaren erabilera egokia ere».
Lanean jarraitzeko kemena
«Pozik» gaude Hikaldiak izan duen zabalkundearekin, «355 beasaindarrek parte hartu dute», alegia, Euskaraldian parte hartu dutenen «%24a», eta hori «ikaragarria» iruditu zaio Aittu! taldeko lehendakariari.
Hikaldiarekin, fokoa Beasainen ipini dute, baina Goierri osora zabaldu da ere; «Goierriko gainontzeko herrietako 106 pertsonek hartu dute parte». Hurrengo urteetan, asmoa da «lan ildo hontatik jarraitzea, eta gehiago zabaltzea eta sakontzea», iragarri du Saezek.
Azkenik, esker hitzak izan ditu ekimenean parte hartu duten guztientzat, bereziki Kattalin erretegiarentzat, emandako babesagatik.