Amezti Mendi Elkartekoek urtea borobiltzeko asteburua dute
Amezti Mendi Elkartekoek urtea amaitzeko ekintzak antolatu dituzte bihartik aurrera. Koke Lasa ormaiztegiarraren Aketegiko Mari: Alpinismoa eta mitologia uztartzen ikus entzunezkoa eskainiko dute, 19:30ean, Jabier Otaegi Kultur Etxean.
Kontakizunean, gazte mendizale batzuk Aketegiko Mari eta bere haitzuloa aurkitzeko ahalegina egingo dute. Horrek eramango ditu Aizkorrira, hainbat tontor igotzera, eta gainera, Mariren beste zenbait bizileku bisitatzera: Txindoki, Murumendi, Anboto, Itxina, Aloña, Putterri…. Tartean, Mariri buruzko aipamenak egiten dira. «Ez da mitologia edo alpinismoari buruzko emanaldi soila, kontakizun bat baizik. Euskal Herriko paisai ederrez gozatuz, ezohiko begiradaz», deskribatu du Lasak berak.
Ameztira txangoa
Taldeari izena ematen dion Amezti tontorrera txangoa egingo dute igandean, Aitxuri Herri Eskolako ikasle eta gurasoekin. Behin herrigunera itzulita, hamaiketakoa egingo dute, urtea bapo borobiltzeko.
2023. urterako lizentziak ere eskatu daitezke jada, berriak zein aurtengoaren luzapena. Etzi eskainiko dute aukera, mendi elkartean, 19:00etatik 21:00era bitarte. Mendian sarri ibili behar duenak komeni du federatzea, edozein istripuren aurrean asegurua izan dezan. Norberak bere kabuz eskatu dezakeen arren, komeni da talde baten izenpean egitea, herrietako klubak handiagoak izan daitezen.