«Bitxiak eta poltsak saltzen ditugu eta dirua Malira bidaltzen dugu»
Josune Gilek (Zumarraga, 1995) igande goizean Zumarragako plazan egingo den arte eta artisautza azokan parte hartuko du. Azokako kartela berak egin du. Kazetaritzaz ere hitz egin du.
Nolatan artisau azokan?
Izeba Lurdesekin batera, Mali Project proiektua jarri nuen martxan. Bitxiak eta poltsak egin ditugu eta sare sozialen bidez saltzen ditugu. Dirua Malira bidaltzen dugu. Izeba askotan egon da Malin, oporretan, eta bere gida turistikoaren laguntzarekin lan egiten dugu. Izebak akuarelak egiten ditu eta nik, Photoshop bidez, margo horiek poltsetan inprimatzeko egokitzen ditut. Photoshopekin lan egitea asko gustatzen zait eta asko erlaxatzen nau. Oso marrazkilari txarra naiz, baina Photoshopek alternatiba eskaini dit. Collage-ak egiten ditut.
Igandean Made in Urola azokan parte hartuko duzue.
Postuan Maliko egitasmoko gauzak jarriko ditugu salgai. Gure marka txikia da eta Instagram bidez saltzea zaila da. Lanetik kanpoko ordu asko eman beharko nituzke Instagram bidez gehiago saltzeko. Azoka gure produktuak saltzeko oso egokia da. Postuan nire diseinuak ere jarriko ditut: laminak, poltsak, kamisetak, edalontziak… Kazetaritza ikasi nuen, baina oso bide zaila da. Alternatibak bilatu behar dira eta diseinu grafikoa oso gustuko dut.
Zer diozu Made in Urola azokaz?
Gabonetatik gertu egiten denez, oso ondo dago. Jende askok Gabonetako opariak erosteko aprobetxatzen du. Bestalde, antolaketa oso ona da. Dagoeneko urte asko ditu eta nabari da. Parte hartzaileek antolatzen dute azoka.
Zuk kartela egin duzu.
Ez da inor kontratatzen kartela egiteko. Azokan izena ematen dugunean, zertan lan egin nahi dugun galdetzen zaigu. Nik diseinuan lan egin nahi nuela jarri nuen. Kartela garrantzitsua da, herriko kaleetan egoten baita eta jendea erakartzeko egiten baita. Kartelak feria onaren itxura eman behar du.
Zer diozu kartelari buruz?
Kartelean emakumezko bat ageri da. Duela hamarkada batzuetako jostun bat da. Atzean Gabonetako zuhaitza eta opariak ditu. Kartelean gizonezko bat ere ageri da, karteleko letrak margotzen. Orain arteko karteletan Gabona izan da ardatza eta aurtengoan artea eta artisautza dira ardatzak.
Diseinatzailea zara afizioz, baina kazetaria ofizioz.
Txikitatik idaztea gustatzen zait. Argi nuen idazketarekin zerikusia duen zerbait ikasiko nuela. Kazetaritza ikasi nuen eta duela urtebete kazetaritza digitalari buruzko masterra amaitu nuen: narratiba berriak, sare sozialen erabilpena, marketina… Kazetari lana atsegin dut, baina oso zaila da kazetaritzatik bizitzea. Ez naiz kazetaritza ikasi izanaz damu, baina B plana behar da. Diseinu grafikoa ere komunikatzeko modu bat da.
Noticias de Gipuzkoa egunkarian lan egiten duzu eta GoiBerri aldizkariko kolaboratzailea zara.
Eusko Jaurlaritzaren trantsizio beka egin nuen Noticias de Gipuzkoa egunkarian eta dagoeneko lau urte daramatzat bertan. Maketazioaz, zuzentzeaz eta inprimatzera bidaltzeaz arduratzen naiz. Unibertsitatean, maketatzea aspergarria zela eta edukiarekin harreman eskasa zuela iruditzen zitzaidan, baina maketak edukiarekin harreman estua du. Maketa lehen mezua da. Bestalde, nahiz eta egunkari batek sormenerako toki handirik uzten ez duen, maketatzea diseinatzea da.
Kazetaritza digitalari buruzko masterra egin zenuen. Nola ikusten duzu prentsaren etorkizuna?
Eskola zaharreko askok ez dute onartu nahi, baina digitalera salto egin beharra dago. Papera galdu gabe, noski. Oraingoz, behintzat. Egunkariek albisteak webgunean lehenbailehen sartu behar dituzte eta sare sozialak landu behar dituzte. Egunkari batek TikTok kontua edukitzea garrantzitsua da. El Mundo egunkariak, adibidez, neska bat du horretarako: bideoetan eguneko albisteen berri ematen du, oso modu argian. Gaztea irratiak ere oso ondo lan egiten du. Herrialde anglosaxoietan oso aurreratuta daude. Webgunea eta sare sozialak belaunaldi berriengana iristeko modua dira. Baina egunkarietan baliabideak falta dira. Papera bakarrik egiteko zenuen lan taldearekin ezin duzu webgune on bat eduki, Instagram kontu on bat eduki… Denbora eta baliabideak behar dira. Jendea behar da. Jende gutxirekin gauza asko egitea oso zaila da. Aldi berean, irakurle asko ez daude Interneteko edukiaren truke ordaintzeko prest. Hori dela eta, etorkizuna beltz samarra ikusten dut.
Euskarazko kazetaritzan ondo lan egiten al da?
Oso kontu onak daude, baina lan asko dago egiteko. Dena baliabide kontua da, noski.
Zure adinekoek egunkariak irakurtzen al dituzte?
Paperezkoak ez, baina digitalak bai. Inori ez zaio ordaintzea gustatzen, baina gazteei gutxiago. Bestalde, sare sozialak informazio iturri garrantzitsua dira. Albistea gertatu eta berehala informazio asko eskaintzen dute. Pariseko atentatuak izan zirenean, guztiaren berri izan nuen egunkari bakar bat irakurri gabe. Goizeko ordu bata aldera izan zen eta Twitter eta Instagram bidez informatu nintzen. Egun, TikTok-ekin, sare sozialak are eta aurreratuagoak daude.
Horren aurrean, zer egin dezakete komunikabideek?
Erreportaje bikainak egin, elkarrizketa bikainak egin… Bestela, ez dago sare sozialei konpetentzia egiterik.
Komunikabideek sare sozialek baino sinesgarritasun handiagoa dutela suposatzen da.
Hala da. Norberak bere interesei hobeto egokitzen den komunikabidea hautatzen du baina informazioa kontrastatzeko aukera du. Gazteez ari garenean, 18 urteko gazte bat eta 25eko bat ezin ditugu zaku berean sartu. Nire ustez, adinean aurrera joan ahala, gazteok ere ohiko komunikabideetara jotzeko joera dugu. Nire inguruan erizainak ditut eta Osakidetzaren inguruko informazio bila komunikabideetara jotzen dute. Bestalde, Maldita eta Newtral bezalakoen sorrera esanguratsua da: informazioa egiaztatzera dedikatzen dira, batez ere. Sare sozialetara bakarrik jotzea arriskutsua da. Jende asko da faltsukeriak zabaltzera dedikatzen dena eta komunikabideek horri aurre egin behar diote.
Liburu bat idazten ari zara.
Nire ahizpak lau urte eman ditu haurdun gelditzeko ahalegina egiten eta komunikabideetan haurdunaldiez, abortu boluntarioez, doluaz… gutxi hitz egiten dela esan dit. Hori dela eta, liburu bat idazten ari naiz emakumeen eta medikuen testigantzekin.