Gerragatik Olaberriara etorri ziren haurrei omena egingo diete, igandean
Olargi taldeak eta udalak kanpotik iritsitako 50 bat herritarri omenaldia egingo die. Gerra galduta, haur zirela utzi behar izan zuten sorlekua. Testigantzak bildu, eta bideoan emango dituzte.
Olaberriko oroimen historikoa berreskuratzeko beste urrats bat egingo dute, igandean. 1936ko gerran, galtzaileen bandoko askok utzi behar izan zuten sorlekua, eta jaioterritik bizimodu berri baten bila irten behar izan zuten. Olargi oroimen historiko taldeak eta Olaberriko Udalak omenaldia egingo diete.
Espainiatik, Galiziatik edo Hego Euskal Herriko beste herrialde batzuetatik Olaberriara eta inguruko herrietara iritsi zen haur saldo bat izango da aurten omendua. «Omendu denak gerra garaian haur ziren, 1939 baino lehen jaioak. Iaz, Olaberrian jaiotako haurrak omendu genituen, gerra ezagutu eta jasan zutenak. Ez dago alderik herrian jaiotakoen eta beste nonbait jaiotakoen artean. Azken horiekin ere zerbait egin beharra ikusi genuen», azaldu du Olargiko kide Bihotz Forcadak.
Testigantza bilketa
Kanpotik gerragatik iritsi, eta harrezkero olaberritar direnei testigantzak jaso dizkiete. Bideo batean proiektatuko dituzte, herritar horien «bizitza eta bizipen gogorrak» ikusteko. Ekitaldia udaletxeko ganbaran egingo dute, igandean, 12:00etan.
«Bideoan ikusten da herritar hauek oso eskertuta daudela, bai olaberritarrei, bai eskualdeko herri denei. Nabarmentzekoa da hori ere. Zer zailtasun izan zituzten ere azaltzen dute, etorri zirenean eta gero. Gerra galdu zuten, eta beste bizimodu baten bila etorri behar izan zuten. Irabazleek ez zuten emigratu beharrik izan», gehitu du Forcadak.
Omenaldian 50 olaberritar omenduko dituzte, haur zirela etorritakoak. 40k baieztatu dute presentzia. Agintari, antolatzaile, senitarteko eta herritar, 200 bat lagun bilduko dira guztira.
Egitasmoarekin, beren ahotsez bizipenak kontatzeko aukera eman nahi izan diete. «Oso aberatsa da Olaberriarentzat eta euskal gizarte osoarentzat lehen eskutik jasotzea. Izan zuten ausardia goraipatu nahi dugu».
Bestetik, laguntasuna eta elkartasuna ere izan zirela erakutsi nahi dute. «Balore horiek beti azaltzen dira».