Sagardoak hasi du urteko 'tourra', ekoizpen urritua gorputzez osatuta
Sagar uzta kaskarra izan dute ahotan ekoizleek. Kanpoko fruituarekin osatu behar izan dute ekoizpena, baina iaztik txikiagoa. Joseba Belokik ireki du Goierriko sagardo sasoia
Iazko mugak atzera utzita, hasi dute Goierriko sagardotegiek denboraldia. Goitur agentziak antolatuta, Ataungo Urbitarten elkartu ziren atzo bailarako bost sagardogileak. Batzuek irekita dute sagardo berriaren eskaintza, Legorretako Auliak eta Ordiziako Tximistak adibidez. Urbitartek gaur hasiko du txotxeko sasoia, Altzagako Olagik asteburu honetan, eta Zeraingo Oihartek urtarrilaren 20an, bertsolari eta guzti.
Kupelak beteta eta lanerako asmoz, aipagai bat da nagusi: sagar urte txarra. Oro har, ekoizleek euren sagastietako sagar uztaren %30 bat jaso ahal izan dute, eta kanpoko —Frantziako Normandia aldeko— frutarekin osatu behar izan dute. Salbuespenak ere badira, ezurteko sagastien emanari eskerrak.
Sagardo kopuruari eragin dio, ezinbestean, lehengai eskasiak. Iazko produkzioaren erdia egin dutela aitortu dute batzuek. Uzta oparoa bildu zen 2021ean. «Baina ardo upategiek egiten dutena esaten ikasi beharko dugu: bata edo bestea dela, urtea halakoa izan da, eta bukatu egin da, eta kito», azaldu du Oiharteko Haritz Egurenek.
Ildo beretik hitz egin du atzo anfitrioi aritu zen Demetrio Terradillosek: «Uztarik ez daukagunean, sagardo gutxiago egitea da nire iritzia». Produktu natural bat den heinean, Goierriko sagardotegiek geroz eta garbiago dute bidea: balioa sagardoari eman, ingurumariko folklore eta desmasiak ahaztuta.
Joseba Beloki gonbidatua
Goitur turismo agentziak antolatzen du, urtero, eskualdeko sagardotegien irekiera irudikatzen duen ekitaldia. «Produktu turistiko bezala kontsideratzen ditugu guk sagardotegiak», aurreratu du Niko Osinaldek. «Etxekoei» egin die sagardotegietara joateko eta horien inguruan «egun guztiko edo astebukaerako planak» egiteko gonbita; euskal herritarrei, alegia. «Kanpokoek ez daukate inolako arazorik, jendea hasi da deika. Deialdia, etxekoentzat da: iruditzen zaigu ahazten zaigula sagardotegietara joatea. Lagunak, familiartekoak edo edozein gonbidatu, egin horren inguruan planak», bota du gonbidapena.
Gonbita gustura jasota atzo Ataunera joan zena, Joseba Beloki txirrindulari ohi lazkaotarra zen. Ez du ausaz aukeratu Goiturrek. Frantziako Tourraren bigarren etapak Goierri zeharkatuko du, uztailaren 2an, eta Beloki ibili da etapak diseinatzeko taldean. «Berari eman behar zaizkio eskerrak, Belokiri esker pasatuko delako Tourra eskualdetik».
Terradillosek ziria kenduta, Belokik hartu du Goierriko sagardoaren lehen basoerdi ofiziala, «Goierriko sagardoa» oihu eginez. Ekitaldian izan dira, bestetik, Ataungo alkate Martin Aramendi eta Euskal Sagardoa izendapeneko Amaia Zubeldia.
Guztiek izan dute lehen sagardoa probatzeko aukera, Belokiren atzetik. Gainerako lau sagardogileek aurrena, agintari, arduradun eta kazetariek ondoren.
«Gurea aldarrikatzeko»
Belokik «ohoretzat» hartu du Ataunen ziria zabaltzearen deia. «Niretzat leku berezia da, aitona hemengoa nuelako. Lagunekin ere pare bat aldiz etorri naiz».
Ezinbestean, Tourrari erreferentzia egin zion, eta bertako balioak lau haizetara zabaltzeko dagoen aukerarekin lotu du, «izan sagardoa, gazta, etxeko produktuak». «Gauzak promozionatu behar dira, azkenean Tourra hori da: pasatzen den leku bakoitzean, duen oihartzuna aprobetxatu behar da».
Danimarkan iazko Irteera Handiak utzitako onura gogorarazi du. «Guk askoz hobeto egingo dugula ez dut zalantzarik, eduki gehiago eskain dezakegulako munduaren aurrean: ez paisaien irudiak bakarrik, baita bertako kultura, produktuak, hizkuntza ere. Gauzak aldarrikatu behar dira», azaldu du Belokik.
Sagardoa objektu eta xede
Kalitatearen bidean pausoak irabaztearen alde, «bodega» hitza ere geroz eta gehiago entzuten zaie sagardogileei. Edaria mimatu, eta aukera desberdinak kupelean bertan eskaintzeko ahaleginean ari dira Ordiziako Tximistakoak. Txotxeko kontsumoa da han izarra, ekoizpenaren gehiena hala edaten delako.
Bezeriari begira, berriz, Oiharten iaz hasi ziren lekua hartzen dutenei konpromiso-agiri bat bidaltzen. Gutxieneko jokabide arau zibiko batzuk ziurtatzeko eskatzen zaie bezeroei. «Sagardotegia ez dadila izan beste edozein jatetxetan egiten ez diren gauzak egiteko leku bat».
Geroz eta produktu aniztasun handiagoa dute, hala, sagardotegiek. Norbere edo inguruko sagastiak zaintzeko eta bertako sagar uzta ziurtatzeko ahaleginean ari dira, bestetik.
Sagardotegien eskaintza urritu egin da Goierrin. Azken bi urteetan bi itxi dira: Zeraingo Otatza 2021ean, eta Olaberriko Etxezuri iaz. Dauden bostetan, ordea, bada aukerarik, beste urte batez. Bertara joan, eta horiek inguruan dituzten baliabide turistiko nahiz bestelako zerbitzuak erabiltzeko deia egin du Osinaldek. Munduari erakusteko ere.