Ataungo propultsioa itsasorako
Itsasoko kulturarako barrualdeko basoek zuten antzinako garrantzia gogoratu du Albaola kultur faktoriak. Balea txalupetan erabiltzen zituzten arraunak Ataungo zurarekin egin ditu.
Iraganaren uretan murgil egiten denean, oraingo ikuspegitik harrigarriak suerta daitezkeen altxorrak topatzen dira. Itsasoko jarduerek barrualdeko herriekin eta mendiekin zuten harreman estua, ezinbestekoa ia, da horietako bat. Ondare historikoaren berreskurapen lanean, Pasaiako Albaola itsas kultur faktoriak atzo aurkeztu zuen azken adibidea, Ataunen arraunen proiektua. Hezur-mamizkoa, aurkeztu ere.
XVI. mendean, euskaldunek balea ehizarako txalupetan erabiltzen zituzten arraunen erreplikak eraiki ditu Albaolak. Ohitura duen modura, azken objektuan ezezik, lehengaiak lortzerakoan eta egiteko prozesuan ere arreta jarri du, orain ere. Hala, antzina bezala, zur bila barrualdera jo zuten.
Ataungo Marumendin topatu zituzten arraunak egiteko pago aproposak: luzeak eta zuzenak. Ataungo Udalari eskatu, baiezkoa jaso, eta 8-10 bat zuhaitz bota zituzten. Pandemia aurretik, 2019an eta 2020ko otsailera arte ebaki eta pitzatu zituzten egurrak. Izurritea sartu zen orduan, eta prozesua eten zuen.
Donostia, arraunen biltegi
Albaolaren hasierako asmoa, egurrak jatorrizko mendian bota ondoren, idiekin Pasai San Pedroko Ondartxoko ontziolaraino eramatea zen. Pandemiak zapuztu zuen garraioa, baina ez azken ametsa. Ontziolako aprendizek Juanita Larando patatxarako eraiki zituzten arraunak, eta Kantauri itsasoan erabili dituzte.
«XVI. mendean, basoetako lana ez zen zuhaitzak moztera mugatzen, arraunak eraikitzeko lehen fasea ere bertan gauzatzen zuten. Zuhaitza bota ondoren, enborra lau zati berdinetan zartatzen zuten, eta behar zehatzen arabera arbastatzen zuten. Ezpalak eginda, arraunak egiteko tailer espezializatuetara garraiatzen zituzten. Donostia, esate baterako, Europako arraun banatzaile handia izan zen, eta armada frantsesaren hornitzaile nagusia izatera iritsi zen», azaldu du Albaolako Xabier Agotek.
Babesleei oparia
Atzo, Ataunen arraunen proiektuaren aurkezpenean, hiru babesle eta bultzatzaile nagusienak eskertu zituzten. Ataungo zurarekin egindako arraun bana oparitu die Albaolak Markel Olano diputatu nagusiari, Martin Aramendi alkateari eta aldundiko Mendien Zerbitzuko buru Bixente Dorronsorori.