Erbel elkartea eta Zumarragako Udala, Landaola sarietako Goierriko hautagaiak
Zaldibiako Goizane eraikinean egoitza duen Erle Beltz Hazleen Elkartea erakunde pribatuetako izendatuen artean dago, eta Zumarragako Udala erakunde publikoenean. Sari emate ekitaldia martxoaren 3an izango da, Berastegin.
Gipuzkoako sei landa garapen elkarte –tartean Goierriko Goimen– biltzen dituen Landaola federazioak VI. Landaola Sarietarako izendatuak jakinarazi ditu. Zaldibiako Goizane eraikinean egoitza duen Erle Beltz Hazleen Elkartea eta Zumarragako Udala (Zumarragako Azoka) dira bi hautagaiak, lehena erakunde pribatuen atalean –bost hautagai denera– eta bigarrena publikoenean –sei hautagai–. Sari emate ekitaldia martxoaren 3an izango da, Berastegiko udaletxean. Egun horretan bertan beste bi sari ere emango dituzte: Landa eremuko emakumeena bat, eta bestea Urteetako ibilbidearen saria. Eskualde bakoitzak izendatzen ditu bere hautagaiak.
Erbel elkartea
Erle Beltz Hazleen Elkartea 2018an sortu zen Euskal Herriko zenbait erlezainen eskutik. Erbelen egoitza Zaldibiko Goizane eraikinean dago eta egun 45 bazkide inguruk osatzen dute.
Erbel elkartearen helburu nagusia Apis Mellifera Iberiensis bertako erle beltzaren alde aritzea eta arrazaren kontserbazioa eta hobetzea dira. Hazkuntza Programaren bitartez, ezaugarri desiragarriak dituzten erreginak aukeratzen eta hazten dituzte, eta ezaugarri ez-desiragarriak dituztenak baztertzen dira.
Bertako baldintzetara (klimara eta landaretzara) egokitutako erleak erabiltzen dituzte, eta hainbat proba
egiten dizkiete, erreginen balio genetikoak eskuratzeko. Balio horien arabera aukeratzen dira hurrengo belaunaldiko erregina amak izango direnak. Taldean egiten dute lan, eta lortutako hobekuntzak talde guztian zabaltzen dira.
Egitasmo hau berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, eta baita Frantziako eta Espainiako estatuetan ere. Honen originaltasuna, bertako erle beltzaren Hazkuntza Programa balorizazio ekonomikorako tresna gisa osatzea da. Erlea berari balio erantsia ematea dute helburu bere balio ekonomikoa handitzeko.
Zumarragako azoka
Zumarragako Azoka bertako produktua, kultura, balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituen larunbateroko topagunea da. Azoka udalerriaren erdialdean hiri-ekonomiako espazio gisa ezarri da (merkataritza-gune irekia bezala), azokatik abiatuta, eta nortasuna eta kohesioa trakzio-elementu gisa hartuta, energia eta indarra eman zaio udalerriko merkataritza-sare osoari. Bertan, KM-0 eta garaiko produktuez gain beste hainbat postu daude eskaintza global bat osatzen dutenak, textila, moda edo etxerako produktuak.
Zumarragako Azokaren helburua, bertako elikagai-ekosistema bat bultzatu eta garatzea da. Ekosistema honek, alde batetik, lehen sektorea integratzen du tokiko elementu bereizle gisa eta bestetik, herritarren elikadura kontziente eta osasungarri bat bultzatzen du.