Lesboserako janari bilketa antolatu dute Aita Iparragirreko ikasleek
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeari lagunduko diote. Eskolan landutako proiektu zabalago baten emaitza da. Bilketa ostegunean, 15:00etan amaituko dute.
Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko janari bilketa antolatu dute. Atzo hasi zuten bilketa eta ostegunean, 15:00ak arte jasoko dituzte Lesbosera (Grezia) bidaltzeko elikagaiak. Bilketa eskolan azken hilabeteetan errefuxiatuen inguruan egiten ari diren proiektu zabalago baten azken emaitza da.
Maria Herzog, Elaia Telleria, Irati Legorburu, Xeber Murua, Elorri Alberdi, Alazne Arana, Nora Gonzalez eta Maren Barrerosek hitz egin dute ikasle guztien izenean. Kontatu dutenez, errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko hainbat lanketa egin dituzte azken hilabeteetan: «Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua irakurri dugu, Las Nadadoras ikus-entzunezkoa ikusi dugu —bi neska errefuxiatu kanpamentu batera nola iristen diren kontatzen du— eta Zaporeak elkartekoek hitzaldi bat eskaini ziguten», esan dute.
Eskolan gaia lantzen hasi aurretik bazuten errefuxiatuen errealitatearen inguruko berri, baina aitortu dute, ez zutela uste euren bizimodua «horren gogorra» izan zitekeenik. «Beraien herrialdeetan ez daukate bizi baldintza egokirik, batzuk gerratik ihes egiteko ateratzen dira euren herrietatik. Europara iristea erraza dela dirudi, baina mugak pasatzea ez dela batere erraza konturatu gara», esan dute.
Herritarren parte hartzea
Zaporeak elkarteko Helena Ruiz de Azua otsailean bildu zen ikasleekin. «Lesboseko kanpamentuetan egiten duten lana azaldu zigun. Errefuxiatu kopuruak gora egin zuela eta janari gutxi zegoela ere kontatu zigun», esan dute. Hala sortu zitzaien janari bilketa egiteko ideia.
Azken bi asteetan lan eta lan aritu dira; herrian informazioa zabaltzea izan dute lanetako bat: «triptikoak eta kartelak egin ditugu. Herriko dendekin eta enpresekin harremanetan jarri gara, baita familiekin ere». Pozik daude jasotako erantzunarekin, «Ampon eta herriko denda txiki askotan laguntzeko prest daudela esan digute».
Arroza, arrain kontserbak, lekak, pasta eta olioa ari dira biltzen: «kanpamentuetara iritsi bitartean iraungo duen janaria izan behar da», zehaztu dute. Eskolan bertan jarritako bilketa gunera eraman daitezke, edo baita dendetan eta enpresetan jarritakoetara ere. Herritarren parte hartzea azpimarratu dute eta bilketa martxa onean doala adierazi dute. Behin bilketa amaituta, bildutako kaxa guztiak kiroldegira eramango dituzte, «kamioi bat etorriko da guztiak jasotzera eta hemendik, Lesbosera eramango dute bildutakoa».
«Gustura» landutakoarekin
Proiektu honen lanketan «oso gustura» aritu dira, «beste pertsona batzuk nola bizi diren ikusten lagundu digu», adierazi dute. «Guk egunero jaten dugun bezala, guztiok daukagu egunero jateko eskubidea», diote. Eskerrak eman dizkiete bilketan parte hartzen ari diren herritar guztiei, eta gainerakoak parte hartzera animatu dituzte.