Ordiziako Eskola Publikoko komunitateko ordezkariek Hezkuntza Legearen inguruko irakurketa azaldu dute Legebiltzarrean
Ordiziako eta antzerako errealitatea duten herri eta ikastetxeen egoera bideratzeko proposamenak mahai-gaineratu zituzten, atzo. Mabel Cia Urdaneta ikastetxeko zuzendaria eta Eneko Lasa Urdanetarrak Guraso Elkarteko gurasoa izan ziren bertan.
Ordiziako Eskola Publikoko komunitateko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Mabel Cia Urdanetako zuzendaria eta Eneko Lasa Urdanetarrak Guraso Elkarteko kidea izan ziren bertan. Hezkuntza Legearen inguruan egin duten irakurketa orokorra azaldu zuten, eta Ordiziako eta Urdaneta-Oianguren ikastetxeetako egoeraren eta bilakaeraren berri eman zuten. Hezkuntza Legean jasota dauden neurriek Ordizian nola aplikatzen diren eta izan ditzaketen ondorioak ere azaldu zituzten, eta Ordiziako eta antzerako errealitatea duten herri eta ikastetxeen egoera bideratzeko haien proposamena jarri zuten mahai gainean.
Guraso Elkartearen esanetan, “Hezkuntza Legea ez ditu Eskola Publikoaren beharrak eta interesak aintzat hartzen, ezta euskalduntzea bermatzeko edo desorekak bideratzeko neurri eraginkorrik garatzen”. Hezkuntza legea “edozein” dela, herriko eta eskolako desorekak bideratzea “borondate politiko kontua” dela adierazi du elkarteak. “Egungo legediarekin edo berri batekin, egoera bideratzeko pauso esanguratsuak eman daitezke. Borroka horretan dihardugu azken urteetan eta berdin jarraituko dugu aurrerantzean ere”.