Palestinako eremu okupatuko proiektua etetea eskatu dute
Protestaz beteriko goiza izan zen larunbatekoa CAF enpresaren atarian. Akziodunak bilerara sartzeko unea baliatu zuten hainbat eragilek aldarrikapenak iritsarazteko. Palestinaren aldeko mugimendua eta Amnistia Internacional (AI) erakundea izan ziren bertan, Apartheid stop; CAF jaitsi trenetik aldarrikatzeko. Herriko kaleetan manifestazioa –CAFen atarian amaitu zen– eta udaletxean hitzaldia egin zituzten, eta Akziodunen batzarrean ere parte hartu zuen AIk eta CAFek parte hartzen duen Jerusalemgo tren arinaren proiektuaren inguruko auziari ere hizpide izan zuten.
«Zergatik saihesten du CAFek iraunkortasun-txostenean zehaztea proiektuak Palestinako lurraldeak eta legez kanpoko kokalekuak zeharkatzen dituela Jerusalemen, arrisku-faktoreak ezkutatuz?», galdetu zuen Gerardo Rios AIko ekintzaileak larunbateko akziodunen batzarrean.
Bileran gertatukoaz, GOIERRIKO HITZA-ri azaldu dioenez, AIk beste behin eskatu dio CAFi , «Jerusalemen tren arina handitzeko proiektua eten dezala». Riosek adierazi duenez, «1.800 milioi eurotan, esleitu zen 2019an, Shapir enpresa israeldarrarekin partzuergoan». Riosek nabarmendu duenez, «aurreikusitako 28 kilometroko bideak Israelgo lurraldea eta Ekialdeko Jerusalemgo legez kanpoko kokalekuak lotzen ditu, 1980an okupatutako lurraldea, Nazio Batuek eta Europar Batasunak onartzen ez dutena». Proiektu horren bidez, «CAF enpresa lurralde horien legez kanpoko okupazioaren konplize eta onuradun bihurtzen da». Riosentzat «argi dago tren arina handitzeak lagundu egingo duela legez kanpoko kokaleku horiek mantentzen eta hazten, eta horiekin batera, baita nahitaezko hustuketak, lurren konfiskazioak eta etxebizitzen eraispenak ere».
NBEren 2017ko ebazpena
AIk gogorarazi du NBE Giza Eskubideen Kontseiluak legez kanpokotzat jo zuela tren arina handitzeko proiektua 2017an, nazioarteko zuzenbidea eta NBEren ebazpenak argi eta garbi urratzen dituela iritzita. Gainera, CAFek partzuergoan duen bazkidea, Shapir enpresa israeldarra, Nazio Batuek Israelen legez kanpoko kokaguneetan jarduten duten konpainiekin egiten duten zerrendan dago, «kezka berezia sortzen duten jarduerengatik».
CAF-ek bere aldetik, komunikabideetara helarazi zuen prentsa oharrean, gai honi zuzendutako azalpen labur bat eman du. Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak ziurtatu zuen «aholkulari independente bati eskatutako txostenak berretsi egiten duela erantzukizun sozial korporatiboaren eta iraunkortasunaren arloko nazioarteko estandarren betetze-maila handia dugula».
Horri lotuta, AIko Riosek erantzun du «CAFk ordaindutako txostena da, beraz, ez du proiektuaren kontrako irizpiderik esango, baina gainera, ez du publiko egin txostena, akziodunen eskura ere ez du jarri». Enpresaren jarrera ikusita, AIren kezka da «proiektuarekin aurrera egingo dutela, ilegala dena», baina erakundeak «giza eskubideen alde lanean jarraituko» duela ziurtatu du.
Geroaren kaltetuak
Geroa EPSV erakundeak kaltetutako plataformako ehun bat lagun ere elkartu ziren, CAFeko atarian. «Geroa prebisioan dituzten aurrezkiak nahi duten eran berreskuratzea» lortuko dutela zin egin zuten. Argi utzi zuten ez zela CAF-en kontrako protesta bat, baina CAF bere garaian Geroa sortzeko «motor garrantzitsuenetakoa» izan zenez, plataformaren aldarrikapenean lagun dezala eskatu diote.