Salmentetan 4.800 milioi eurotara heltzea du helburu CAF enpresak
2023. urtean «merkatuaren gainetik dagoen hazkundea eta errentagarritasuna» lortu nahi ditu enpresak. Zero isurpeneko mugikortasunean lider izan nahi du.
2023 urtean «salmentak merkatuaren gainetik haztea eta errentagarritasuna berreskuratzea» dira CAF enpresaren helburu nagusiak, 2026 plan estrategikoan jasota daudenak, eta bide horretan, «salmentak 4.800 milioi eurora igotzea» aurreikusten du
Beasaingo enpresak.
CAFeko presidente Andres Arizkorretak eta Kontseilari delegatua Javier Martinez Ojinagak, urteotan enpresak izan duen bilakaera, administrazio kontseiluak hartutako akordio nagusiak eta etorkizunera begirako perspektibak izan zituzten hizpide, Beasaingo CAF-en, larunbatean egin zuten akziodunen batzar nagusian. Bertan aurkeztu zituzten datuen arabera, 2022 ekitaldian «6.000 milioi euro baino gehiagoko kontratazio maila» lortu zuen CAF-ek. Horri esker, zorroa «%37 igo da aurreko urtearekin alderatuta», eta «13.250 euroko errekorra lortu da». Eskarien zorroari erreparatuz, trenen segmentuak «5.000 milioi eurotik gorako kontratazio maila» lortu du. Merkatu aipagarrienen artean, Herbehereak, Frantzia eta Alemania daude. Espainia, Israel eta Arabia Saudi ere zerrendatu zituzten. Autobusei dagokienez, berriz, «zero isurpeneko» eskariak nabarmentzen dira; kopuru osoaren «%76» dira.
Lau palanka
Martinez de Ojinagak nabarmendu zuenez «une ona» da eta «hazkunde errentagarriarekin aurrera jarraitu» nahi dute. Aldi berean, CAF-en «misioa eta ikuspegia garatu» nahi dituzte, «mundu jasangarriago bat lortzeko, trenen eta autobusen mugikortasuneko soluzioen mundu mailako erreferente gisa» jardunez. Bide horretan, «bezeroentzat fidagarria» izango den enpresa ereduaren alde lanean jarraituko dutela zehaztu zuen Ojinagak.
Enpresaren helburuetara heltzeko, «lau palanka» oinarri hartuko dituzte Ojinagaren hitzetan. Lehenik eta behin, «arretagune komertziala; errentagarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko». Batzarrean azaldu zuenez, tren arloko estrategia komertzialak, «Europa, Ipar Amerika eta Asia Pazifikoa, merkatu irisgarri eta erakargarriak» ditu helburu. Autobusetan, Solaris-en helburua da, «zero isurpeneko mugikortasunean Europako liderra izatea» eta «Ipar Amerikan sartzea».
Bigarren palanka, «operazioen eraginkortasuna, intereseko merkatuetara gerturatu eta kostuetan eraginkortasuna eskainiko diena.
Hirugarrena, «berrikuntza» da. Bide horretan, «deskarbonizatzeko proposamenarekin aurrera egin, propultsio alternatiboa duten trenen eta autobusen gama handitu, garraio-sistema automatizatu eta, prozesuak, balioztatze-inguruneak eta homologazio birtualekoak edo zibersegurtasuna digizalizatu».
«Jasangarritasuna» da laugarren ardatza; «2045ean zero isurpen garbiko helburua betetzeko» lan egingo du CAF-ek. Hala, «2026 urterako merkatuaren gainetik haztea eta 4.800 euroren bueltan dauden salmentak lortzea; ustiapen emaitza 300 milioi inguruan izatea; dibidenduak emaitzen arabera banatzea; finantza egonkortasunari eustea; eta isurpenak %30 murriztea» dira CAF-en helburuak.