«Keinu egin nahi izan diet Beasaini eta Goierriri ahal nuenero»
Hamza El Haddan beasaindarrak ETBko ‘El Conquistador del Caribe’ programan bide luzea egin du. Orain beste abentura batzuk ditu esku artean, urrutira joan gabe. Ile-apaintzailea da lanbidez.
Hamza El Haddan (Tanger, Maroko, 1993) ETBko El conquistador del Caribe programako finalaren atarian gelditu da. Ikusleen saria ere gertu izan du: hirugarren izan da.
Nolatan animatu zinen ETBko El Conquistador del Caribe programara joatea?
Programa betidanik jarraitu dudalako animatu nintzen. Kirola egitea ere izugarri maite dut eta realityan egiten diren probak asko gustatzen zaizkit. El Conquistadorren beste inon ez bezalako probak egiteko aukera dago eta probatzeko sekulako gogoa neukan. Oso proba politak dira, izugarriak. Gainera, ni edozer gauza egiteko prest joan nintzen. Nire helburua ahalik eta gehien irautea zen eta oso pozik nago egin dudan abenturarekin.
Programara aurkezten zinen lehenengo aldia al zen?
Ez. Beste saiakera batzuk ere eginda neuzkan aurretik. Aurtengoa aurkezten nintzen nire hirugarrena aldia zen. Gainera, hau azken saiakera izan behar zen. Honetan ez banindute hartu izan, ez nintzateke berriro aurkeztuko.
Zure erlijioak, hau da, musulmana izateak, programan mugatu al zaitu zerbaitetan?
Oso kontziente nintzen bertan aurkituko nuenaz, baita egingo genituen probez ere. Banekien zertara nindoan. Garbi nuen nire erlijioa ez zela oztopo bat izango eta nire ohiturak egiten jarraitu dut bertan ere. Egon dira proba batzuk, zeriarrena esaterako –ahoa besterik ez erabilita ea nork hartu zerri haragi gehiago–, hain gogoko izan ez ditudanak. Baina, hala ere, ez dut inolako arazorik izan.
Nola erreakzionatu zuen zure familiak programara zindoazela esan zenienean?
Familiako kide bakoitzak desberdin erreakzionatu zuen. Denetarik esan zidaten: Nire anaiak ea nora nindoan esan zidan, frikiz beteta zegoela; nire amak, aldiz, proba bat erakutsi ostean, zuzenean esan zidan ez nintzela joango; bestalde, nire arrebak lehenengo unetik ikaragarri animatu ninduen. Erreakzio oso desberdinak izan bazituzten ere, azkenean denek nire erabakia errespetatu zuten eta asko babestu naute.
Programan askotan aipatu duzu Goierri eta Beasain. Zein da Beasainekiko duzun lotura?
Jaiotzez ez naiz Beasaingoa baina orain Beasainen bizi naiz. Tangerren (Maroko) jaio nintzen 1993an eta 2011. urtean etorri nintzen lehenengoz Euskal Herrira, hemezortzi urte nituela. Bost urtez Eibarren bizi izan nintzen eta 2016an Beasaina etorri nintzen bizitzera.
Zer eman dizu Goierrik eta Beasainek?
Inor ezagutu gabe iritsi nintzen Beasaina eta hemen izandako harrera ezin hobea izan zen lehenengo momentutik. Inoiz ez naiz baztertua edo diskriminatuta sentitu hemen. Beti errespetatu naute eta dena zor diet nire lagunei eta familiari. Oso pozik bizi naiz Euskal Herrian eta horregatik ahal nuen guztietan nire ingurukoei keinu bat egiten nien programan, baita Goierriri eta Beasaini ere.
Ba al dakizu euskaraz?
Euskara ikasteko prozesuan nago. El Conquistadorrera joan aurretik Beasaingo euskaltegian nenbilen euskara ikasten, baina abenturara joateko unea iritsi zenean utzi egin beharra izan nuen, hilabetez. Itzuli ostean, berriro hasi eta Gabonak iritsi ziren. Urtarrilean martxa pixka bat hartu nuen, baina gero ezkondu egin nintzen eta ezkon bidaia eta beste zenbait gauza etorri ziren eta uztea erabaki nuen. Galdu xamar nengoen klasean eta hurrengo ikasturtean seriotasun eta jarraitasun batekin izena eman nahiko nuke. Baina ikasteko gogo handia daukat eta hurrengo ikasturtean berriro izena emango dut.
Ile-apaintzailea zara ogibidez. Telebistan agertu zinenetik nabaritu al duzu bezeroen gorakadarik?
Ile-apaindegia pixkanaka handitzen doa. El Conquistadorrera joan aurretik ere ondo zihoakidan negozioa. Hala ere, programa dela eta, ile-apaindegia ezagunagoa egin dela ere esan beharra daukat. Orain bezero berri asko etortzen zait. Askotan, ilea moztu nahi dutenak baino, kuriositatea daukan jende asko etortzen da ile-apaindegira, hemen jarrita dauzkadan gauzak ikustera.
Nola eragin dio zure bizitzari Conquisera joan izanak?
Desberditasun nabarmenena da orain jendeak kalean ezagutzen nauela. Beasainen eta Goierrin agian jada oso ikusita naute, baina hemendik ateratzean jende asko hurbiltzen zait argazkiak eta bideoak eskatzera. Hala ere, jendea errespetuz gerturatzen da, era onean. Ni oso irekia naiz eta gustura hartzen dut jendea niregana hurbiltzea.
Anekdotaren bat?
Ile-apaindegira opari asko bidali dizkidate: kartak, loreak, izango dugun umearentzako arropak… Jendea oso jatorra da.
Berriro joango al zinateke?
Urte honetan ez nintzateke joango parte-hartzaile bezala. Aurten oso gustura gelditu naiz eta ez nuke hori baino okerrago egin nahiko. Presio handia izango nuke. Nik uste dut egin dudana hobetzea oso zaila izango zela eta dagoen bezala utzi nahiko nuke. Hala ere, kapitain bezala edo kapitainorde bezala gustura joango nintzateke. Oso esperientzia ona izan da eta ez nuke inongo arazorik izango.
Damutzen al zara programan egindako zerbaitez?
Oso gustura nago egin dudan ibilbidearekin, baina zerbait aldatzeko aukera izango banu, estrategia gehiago egitea izango litzateke. Ni inozente xamar joan nintzen, abentura bizitzera, inolako estrategia eta malezia gabe. Orain ikusitakoa ikusita bixitasun edo gaiztakeria puntu hori falta zitzaidala ikusi dut.
Zerbaiten beldurrik izan al duzu programara joan aurretik edo eta programan bertan?
Beldurrik ez dut izan, edozer egiteko prest nengoen. Tirolina egin, harroketatik jauzi egin… jartzen zidatena jartzen zidatela ere, ni egiteko prest nengoen. Garbi nuen ez nuela amore eman nahi. Buruz oso ondo ibili naiz eta ez nuen uste hainbeste iraungo nuenik programan. Beldur gehien ematen zidana gaixotzea edo lesionatzea zen. Kalentura izatea, hagin batek min ematea edo eta infekzio bat izatearen beldur nintzen batez ere. Hala ere, ez zait horrelako ezer pasa eta gustura nago.
Orain bestelako abentura batean sartuko zarete zure bikotekidea eta zu ezta?
Bai eta oso pozik nago, gogoz beteta. El Conquistadorrekin gora eta behera ibili naiz azkenaldian, bertako parte hartzaileekkin planak egiten, gelditu gabe. Ia astebururo kanpoan ibili naiz. Etxean ia ez naiz egon eta lasaitasun pixka bat ondo etorriko zait. Badaukat lasaitzeko eta asentatzeko gogoa. Alaba jaio eta berekin egoteko gogo handia daukat.