Iaz baino jende gutxiago ibili da aurten igerilekuetan
Irailaren hasieran itxiko dituzte igerilekuak, eta iaz baino jende gutxiago ibili da aurten
Haurrek eskola amaitzean, gazteek ikasketak amaitzean, San Joan eguna gerturatzen doan heinean… helburu komun bat izaten dute goierritar askok: igerilekura joatea. Aurtengo udan, ordea, ez dira egun asko izan uretan igeri ibiltzeko modukoak. Euria egin du uda honetan maiz, eta eguraldi ona egin duen batzuetan gehiegizko beroa egin du, eta nahiago izan dute goierritar askok etxeko freskotasunean geratu.
Amaitzear da uda, eta ez dira egun asko geratzen igerilekuaz gozatzeko. Goierritarrak, ondorioz, toallak eta eguzkitako kremak armairuan gordetzen hasi eta irailera begira jarri beharko dira, nahiz eta oraindik hainbat herritako festez gozatzeko aukera izango duten.
Goierrin hainbat igerileku daude, kanpokoak zein estaliak, Lazkaokoa, Ordiziakoa, Beasaingoa, Legazpikoa, Idiazabalgoa, Olaberrikoa… eta igerileku bakoitzean lanean aritu direnak argi dute iazko udan baino jende gutxiago joan dela uretara. “Nabarmen, iaz baino jende gutxiago etorri da igerilekura”, dio Legazpiko igerilekuko sorosle batek.
Igerileku gehienetan sarrera egunero ordaintzen ibili beharrean, bonuak egiteko aukera ematen dute, baina denek ez dute nahi bezain beste erabili: “Hamar eguneko bonua egin genuen, eta hiru aldiz baino ez dugu erabili”, dio lagun talde batek.
Aukera naturalak ere bai
Esan behar da, halere, igerileku asko kiroldegiaren ondoan daudela, eta ondorioz barruko igerilekuak eta bestelako instalazioak erabiltzera ere joaten dela jendea. Horrela zioen Beasaingo kiroldegiko langileak: “Eguraldi ona baldin badago jende asko etortzen da kanpoko igerilekura; txarra bada, aldiz ez. Hala ere hemen gimnasioa eta barruko igerilekuak ere baditugu, eta beti ibiltzen da jendea. Abuztuan, ordea, barruko igerilekuak itxi egiten ditugu konponketak egiteko, eta hori ere nabaritu egiten da”.
Aitzitik, herri guztiek ez dute igerilekua, eta kasu horietan beste leku batzuetan pilatzen da jendea: erreka eta putzu naturaletan, kasu. Ataun, esaterako, kasu horren adibide nabarmena da. Herrian ez da igerilekurik, eta oso ohikoa da bertakoak zein herritarrak ez diren lagun talde zein familiak erreka izkinetan ikustea. Aurten, hots, ez da horrenbeste jende ibili.