«Etorkizunerako zaintza komunitatea sortzea da asmoa»
Lehen aldia du Iñaki Agirrek (Legorreta, 1983) alkate lanetan. Aurreko udal taldeak egindako lanari jarraika, zaintzan jarri dute fokua. Gimnasioa ere bada helburuetako bat.
Aurreko udal taldearen lanari jarraipena eman nahi diozue. Lehenengo aldiz zara alkate. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Niretzat dena berria izan da, eta azkenean aldaketa handia izan da pertsonalki. Talde berri bat gara, eta hasieran kokatzea beti kosta egiten zaizu. Udaletxeak nola funtzionatzen duen eta hasita zeuden gauzak zein puntutan zeuden ikasten ari gara, egunerokotasuneko lanak aurrera ateratzen. Lehengo taldekorik ez dago, baina badugu beraien laguntza eta haien lanari jarraipena ematen ari gara.
Idazkariarekin arazoak izan ditugu, idazkari gabe egon ziren hilabete askoan. Horrek eragin du gauza asko atzeratzea. Idazkaria zein alkatea hasi berriak gara.
Zaintza izan zen legealdirako zutabetako bat. Eguneko Zentroaren proiektua aurrera doa?
Eguneko Arreta Zentroa daukagu eta lan ona egiten ari dira, ondo funzionatzen ari da. Gure helburua izango litzateke eguneko zentro baten bila joatea. Plaza ondoan daukagu eraikin bat, eraikin hori erosi edo akordio batera iristea izango litzateke, bertan eguneko zentroa egiteko. Halere, hori ez dago gure esku bakarrik, aldundiak eman behar du. Lokala pentsatu eta gero aldundiarekin negoziatzea izango litzateke.
Behar hori sumatu duzue?
Eguneko Arreta Zentroa bakardade arriskuan daudenentzat da. Goizetan ekintzak dituzte, ariketak, eta han bazkaltzeko aukera dute. Arratsaldean ere ekintza ezberdinak eskaintzen zaizkie. Eguneko zentroa izango litzateke hurrengo pausoa, beharra daukan jendeari zuzenduta. 2030 plan estrategikoan atera zen behar hori, eta hortik dator lanketa.
Zaintza gaiaren lanketa, beraz, 2030 planetik dator.
Hiru lan ildoren beharra ikusi ziren lanketa horretan: zaintza, herrigintza eta antolamendua. Iazko parte hartze proiektuaren ondoren, puntu horiek lortzen ahaleginduko gara. Zaintzari lotuta, ikusten da azkenean herria geroz eta zaharragoa dela, eta behar gehiago sortuko direla gaiaren inguruan. Pandemiarekin ere ikusi zen behar handia dagoela.
Zaintzaileei laguntzeko ikastaroak dituzue martxan.
Alde batetik, hilean behin elkartzen dira etxean zaintza beharrean norbait daukaten herritarrak. Haien bizipenak elkarbanatzeko eta elkarri laguntzeko elkartzen dira. Egoerak eragin fisiko eta psikologikoak izan ditzake, eta garrantzitsua da bide horretan laguntza izatea. Eta bestetik, zaintzaile profesionalei ere aukera ematen zaie tailerrak egiteko eta haien behar eta arazoak partekatzeko.
Herri bidelagun programa ere badaukagu. Langile bat herrian zehar ibiltzen da, helduen beharrak ezagutu, ulertu eta horren inguruko lanketa egiteko. Etorkizunerako zaintza komunitatea sortzea da asmoa.
Kanpotik Legorretara bizitzera joaten direnentzako harrera plana zein puntutan dago?
Oraindik ez dugu egin, baina beharra dagoela ikusten dugu. Legorreta ez ezik, Euskal Herria, gure hizkuntza, kultura…kanpotik datozenei ezagutzen laguntzeko plana izango litzateke, ongi etorria emateko eta laguntza eskaintzeko.
Etxebizitzak egiteko asmorik ba al dago?
Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra lantzen gabiltza. Lanketan ikusi zen bost urteetan aurreikusten zela 50 bat lagunek bazeukatela etxea erosteko asmoa edo etxez aldatzeko asmoa. Era berean, ikusten dugu etxe huts asko dauzkagula. Etxe huts horien neurketa egin nahi dugu, eta horren araberako lanketa egin. Lurzoru publiko oso gutxi daukagu, eta uholdegarritasun arazo handia dugu. Lehenengo beharrak eta aukerak ikusteko lanketa egingo dugu, eta horren arabera hartuko ditugu erabaki batzuk.
Papertegiarekin zer egingo da?
Helburua eraikina botatzea da, baina ez dago gure esku. Eremua bi zatitan dago banatuta; zati bat aldundiarena da, eta bestea beste jabe batena. Aldundiaren helburua bada eraikina botatzea, baina denen artean erabaki beharreko zerbait da. Martxan dago, baina akordio faltan.
Energia instalazio fotovoltaikoa jartzeko asmoa agertu zenuten. Jarriko da?
Proiektu bat daukagu elizako teilatuan jartzeko. Dena den, aztertzeko dago, oraingoz proiektua bakarrik da.
«Herria geroz eta zaharragoa da, eta behar gehiago sortuko dira»
«Etxe hutsen neurketa eta horren araberako lanketa egin nahi dugu»
«Helburua papertegiaren eraikina botatzea da; ez dago gure esku»
«Helburuetako bat da gimnasioa egitea. Ikusten dugu eskaera handia dagoela»
Eta energia komunitatea sortuko da?
Azaro amaieran daukagu hori martxan jartzeko lanketa. Kontua da lanketa handia exijitzen duela eta komunitateko parte izango den jendeari exijitzen diola lan egitea, ez udalari bakarrik. Martxan jarri eta ikusiko dugu jendeak duen gogoa. Energiaren arloan, helburuetako bat udal eraikinen kontsumoa neurtu eta diagnosia egitea da, hobekuntzak txertatzeko udalak dituen lokaletan.
Nerabeentzako eskaintza handitzea aipatu zenuten.
Hor ikusi genuen 12 eta 16 urte arteko gazteek hutsune bat dutela aisialdi aldetik. Horretarako, gazteri teknikaria dugu eta bera ari da lanketa egiten. Udalekuak haurrentzat egiten ziren, eta orain gaztetxoentzat ere bai. Eguberrietan ekintza batzuk antolatuko dira haientzat.
Azpiegiturei dagokienez, zein da proiektu nagusia?
Gazteei begira, helburuetako bat da gimnasioa egitea. Ikusten dugu eskaera handia dagoela. Aztertzeko daukagu, baina hori da helburuetako bat. Herritarrak kanpora joaten dira zerbitzu horretarako. Espero den zerbait da. Iaz sinadura bilketa egin zen eta 300 bat sinadura lortu zituzten.
Estazioaren proiektua ere hor dago.
Orain proiektu berri baten zain gaude, estazioa herrira gerturatzeko. Ikusten da behar hori badagoela, estazio txukun bat eta herritik gertuago dagoena.
Zer beste erronka daukazue esku artean?
Beste lanketa bat da udaletxe barruko langileekin egiten dena. Alde batetik, jubilazioak edukiko ditugulako denbora gutxian, ia bizitza osoan udaletxean lan egin duen jendeak erretiroa hartuko du, eta aldaketa handia dator. Beste aldetik, beste postu asko oraindik finkatu gabe dauzkagu. Lanketa hori ere egin behar dugu barnera begira.
Nola irudikatzen duzu Legorreta lau urte barru? Zer da legegintzaldi amaieran ikusi nahiko zenukeena?
Aipatutako proiektu horiek aurrera eraman ahal izan direla ikustea gustatuko litzaidake.