‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoa lantzen ari diren eskolen topaketa egin dute Zaldibian
Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa abiarazi zuen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateakk Zaldibian 2021-2022 ikasturtean, bertako udalarekin, eskolarekin eta hainbat eragilerekin batera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearekin (HUHEZI) elkarlanean.
2022-2023 ikasturtean, Aizarnazabalen, Ibarran, Leitzan eta Ondarroan landu zuen UEemakk egitasmoa, eskolekin. Ikasturte honetan, berriz, Alegia, Arbizu, Areatza, Asteasu, Azpeitia, Bera, Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein, Mutriku, Oñati eta Oriora zabaldu dute egitasmoa. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Horietan guztietan hainbat eta hainbat eskola eta eragile ari dira lanean, eta elkarren berri izateko beharra eta gogoa aipatu izan dute batean eta bestean. Batez ere besteentzat interesgarriak izan daitezkeen praktika onak ezagutarazi eta egoera zehatzen aurrean gainerakoek zer-nolako erabakiak hartu dituzten partekatu nahi da, elkarren berri izateaz eta eragileak saretzeaz gain.
Topaketa atzo izan zen, martxoren 7an, Zaldibiako udaletxean, 10:00etatik 14:00etara. 50 lagun inguruk parte hartu zuten.
Ikasten eta bidea egiten, elkarrekin
Maialen Zuazo UEMAko teknikariak eta Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoaren arduradunak argi du zein den lehen topaketa hauen helburua: “Topaketen erdigunean talde dinamika egon da, bakoitzak bere esperientzia kontatzea eta zailtasunak eta erronkak konpartitzea baita guretzat interesgarriena eta aberasgarriena. Egitasmo hau berria da guztiontzako, ikasten eta bidea egiten ari gara. Batzuk bide horretan aurrerago doaz, eta hasi berrientzako lagungarriak izan daitezke euren aholkuak eta praktikak. Beste batzuk bidezidor ezberdinak jarraitzea aukeratu dute eta horien kontakizunak ere seguru beste herri batzuentzako baliagarriak izango direla. Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko lan honetan herri asko ari garela lanean irudikatu nahi izan dugu, eta eskolan egunez egun egiteko modu berriak martxan jartzen ari diren irakasle edo zuzendari horiek babes hau senti dezatela”.