«Haritz baten memoria» dokumentalarekin omendu dute Haritz Berasategi
«Haritz baten memoria» dokumentalarekin omendu dute Haritz Berasategi. Labeaga aretoan bildu dira bere heriotzaren lehen urteurrenean, haien senide zein lagun zutena omentzeko asmoz.
«Haritz baten memoria» dokumentalarekin omendu dute Haritz Berasategi. Labeaga aretoan bildu dira bere heriotzaren lehen urteurrenean, haien senide zein lagun zutena omentzeko asmoz.
Goizeko 12ak pasatxo hasi da omenaldia. Lehenik eta behin, haren aitak hartu du hitza, eskerrak emanez «une zailetan» bertan egon diren lagun zein familiartekoei eta bere semearen balore garrantzitsuenetako gisa jarri du «partekatzea eta elkarlana». Horrez gain, dokumentala aurrera atera ahal izatea posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkie eta, besterik gabe, dokumentala ikusi dute.
Dokumentalean Haritz Berasategiren hainbat pasarteren errepasoa egin dute, txikitako gauzetatik hasi eta herrian izan duen oihartzuna irudietara ekartzeraino. Ikus-entzunezko honetan argazkien bitartez kontatu dute bere historia bere gertukoek, hala nola, etxeko familiak, kuadrillak, futbolean jokatzeko geratzen ziren taldeak, beste hainbat lagunek, KK in Zona irratiko kideek, gaztetxekoek eta abar. Hauek guztiek argi utzi dute Berasategik zuen «umorea, zorroztasuna eta lanerako zein borrokarako gogoa». Hauen testigantzak bera ageri zen bideoekin nahastuz osatu dute dokumentala eta Labeaga hunkitzea lortu dute dokumental honekin.
Irteeran mokadutxo bat jateko aukera izan dute bertaratu direnek, Labeaga sarreran.