Udaberria iritsi eta lorez bete da Segurako plaza
Udaberriarekin batera lorez bete da Segurako plaza 22.Lore eta landare azokarekin. Lore desberdin ugari eta jendetza izan da goiz osoan zehar.
Udaberria loratu da Seguran. Martxoaren 21etik aurrera bazterrak kolorez janzten dira eta Segura ez da salbuespena izan. Aurtengoan ere, udaberriari ongi etorria emateko bildu dira segurarrak plazan. 22.lore eta landare azoka egin dute gaurkoan eta kolorez jantzi dute Segurako plaza ere.
10 postutik gora izan dira bertan eta lore eta landareez gain barazki postuak ere izan dira plazan. Horrez gain, frontoi zaharrean beste azoka bat izan da. Bertan, jantziak, jakiak eta abar izan dituzte aukeran bertaratu direnek. Segurako talogileek ere ez dute hutsik egin gaurko hitzordura.
Goiz osoan zehar jendetza ibili da plazan lore eta landare artean, postuz postu, eguraldia lagun. Bertan izandakoek aipatu dutenaren arabera, eguraldi honekin plan <<bikaina>> izan da azokara joatea eta <<zer edo zer>> erosi dute gehienek bertan. Saltzaileen kasuan, hauek ere <<pozik>> daude egunak eman duenarekin.