Marirekin hasiko dira festak
Gaur arratsaldean emango diete Beasaingo Loinatz jaiei hasiera. 22:30ean egingo diote Mariri ongi etorria. Kontzertuak, kirola eta kale ikuskizunak izango dira, besteak beste
Guztia prest dute Beasainen aurtengo Loinatz jaiei hasiera emateko. Murumendiko Mari bere kobazulotik aterako da, handik jaitsi eta herrikide guztiekin aurtengo jaiez gozatzeko.
Ostiralean sartuta, haurrek emango diote jaiei hasiera, danbatekoarekin. Aurten Andramendi ikastolakoek Bareak elkartearen laguntza izango dute, elkartearen 20. urteurrena betetzen dela—eta. Bihar izango da hori, 18:00etan
Herritarren artean hain kuttuna den Murumendiko Mariri ongi etorria emateko, berriz, 22:30ean Loinazko San Martin plazan bilduko dira herritarrak. Arrano kultur elkartearen ekimenez eta hamarnaka herritarren laguntzarekin emango diote ongi etorria. Suaren, musikaren eta dantzen artean lehertuko da festa giroa.
Gainera, aurten, Beasaingo Udalaren Youtube kanalaren bidez jarraitu ahalko da ekitaldia. Pantaila bat eta interneteko konexioa dagoen tokian, zuzenean ikusi ahal izango da. Beraz, Beasainen bertan, etxeetan eta tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ere ikusi ahal izango dute.
Ekitaldiz bete-betea
2024ko Loinatz jaiak ere, ekitaldiz bete-beteak datoz. Ohiko ekitaldiak eta berriagoak ere ez dira faltako; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, kuadrillen arteko arte-futbol finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2024ko alea.
Nabarmentzekoen artean, ohiko moduan, kaleak alaitzen izango direla erraldoi eta buruhandiak. Larunbatean, duela bi urte danborradak estreinatu zuen formatu berria errepikatuko dute. Haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Tartean, Peio Irizarrek anaiari eskainitako Martintxo izango da. Ondoren, 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko.
Musikari dagokionez, Muxutruk talde beasaindarra Euskal Herri osoko plazetara zabaldu zela bost urte bete dira; baina jaien prentsaurrekoan taldeko abeslari Maddi Otamendik nabamendu zuenez, «sekula» ez dute ahaztuko nondik datozen. Lehenengo emanaldiak Beasainen egin zituzten. Horregatik, opari handi batekin datoz; Loinatz jaiei, jaiak posible giten dituzten eragileei eta herritarrei eskainitako rantxera bat argitaratu berri dute. Jaietako ereserki bihurtzeko lehengai guztiak ditu abestiak. Ostiralean, Mariren jaitsieraren ondoren egingo dute kontzertua, Bideluze plazan. Txosnagunean ere joko dute.
Musikarekin jarraituz, Bulego talde azkoitiarrak bere azken lana aurkeztuko du maiatzaren 11n, gauerdian eskainiko duen doako kontzertuan. Honen aurretik Pho Bo herriko taldea izango da. Bigarren ostiralean Puro Relajo taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan.
Gainerakoan jaietako musika eskaintza ondorengo talde hauekin osatuko da: Rockalean, Itzal erromeri taldea, Cafe Irlandes, DJak, Oihan Vega, Dj Aitana Grandes eta UT! taldea. Horiez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako.
Zaratarik gabeko ordua
Nabarmentzekoa ere, Zaratarik gabeko ordua ekimena ere izango dela. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin egingo dute.
Jaietako kartela
Ataungo Izaro Erauskin izan da egilea aurtengo jaietako kartelaren eta programaren azalaren egilea. Diseinuan, Mari agertzen da eta honen soineko azpian agertzen dira jaietako irudi esanguratsuak.
Haurren mailan Andramendi ikastolaren izenean Izei Apaolaza Arangurenek egindako diseinua izan da aukeratua eta hau ere egitarauan txertatu dute.