Musika izango da Ormaiztegiko Ekain Kulturaleko protagonista
Katallin eta Nenufarrak talde goierritarraren soul doinuak, 8. Musikalen, bihar plazan. Gazte Eguna eta Harrikalari mus txapelketa azkarra, berriz, larunbatean.
Ormaiztegiko Ekain Kulturala egitasmoa iritsi da bere ekuatorera. Maiatzaren 31n hasi zenetik, makina bat ekitaldirekin gozatua hartzeko aukera izan dute ormaiztegiarrek. Datozen egunetan ere, izango dira kultur ekitaldiak aukeran: musika emanaldiak, gazteen festa eta mus txapelketa, besteren artean.
Bihar, 19:00etatik aurrera Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua izango da plazan, Musikal egitasmoaren 8. edizioaren barruan. Goierritarrak dira taldekide gehienak —Jon eta Julen Sagarna eta Leire Agirre gabiriarrak, Iñaki Rezusta ormaiztegiarra eta Sara Iriarte billabonatarra— . 2021ko abenduan grabatu zuten Hubble bost abestiko bilduma laburra, soul ukitu nabarmenekoa. 2023ko maiatzaz geroztik, doan dago eskuragarri Spotify eta Youtube plataformetan.
Zumarraga eta Urretxuko Sekundino Esnaola Musika Eskolako ikasleen kontzertuarekin jarraituko du egitarauak ostiral arratsaldean. Ikasturtean zehar ikasitakoa plazaratuko dute, 18:30etik aurrera, plazan.
Asteburua ere ekintzaz beteta iritsiko da. Ormaiztegiko Harrikalariak Gazte Asanbladak III. Gazte Eguna antolatu du larunbaterako. Eguerdian emango diote hasiera egunari, vermouth poteoarekin eta bazkaritara elkartuko dira ondoren, Zubipe kiroldegian. Arratsaldean elektrotxaranga izango dute herriko kaleetan zehar eta iluntzean Bass&Dere DJaren saioa. Aurten, lehenengo aldiz antolatu dute Harrikalari mus txapelketa azkarra. Plazako karpan jokatuko dute, 16:30ean hasi eta amaitzen den arte.
Gaur hasi eta ekainaren 21era bitartean, Ormaiztegi Lorez sarietarako ikuskatze epea ireki dute. Lehiaketaren helburu nagusia herriko etxe, baserri, taberna edo dendetako leiho eta atari ederrenak saritzea da. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an izango.