Aitor Martinez, Galizian bizi den egur tornulari legazpiarra
Legazpikoa da egurra torneatuz dekoraziorako lan onenetakoak egiten dituen artisaua Espainia mailan. Aitor Martinez da, eta Galizian bizi da 2000tik, baina harreman estua du oraindik jaioterriarekin.
Egur tornulari onenetakoa Legazpikoa da. Aitor Martinez Lopez de Arbina da, Galizian bizi da, eta maiatzean Espainiako Circulo Fortuny erakundeak Artisau Maisu saria eman zion, hasi berrien atalean. 2022an, estatu mailako Artisautza Sarien finalista izan zen, ekintzaileen kategorian.
Martinez Legazpin jaio zen 1969an, eta bertan hazi zen. «Ama arabarra eta aita galiziarra ditut. Aitak eraikuntzan egiten zuen lan, eta Patrizioren pabiloiak egiteko joan zen Legazpira. Azkenik lantegian amaitu zuen lanean, ajustaje plantan». Bitartean, Galizian etxe bat egin zuen, «galiziar on guztiak bezala», eta alaba hara ikastera joan zenean, gurasoak ere hara joan ziren, baita Martinez bera ere geroago. «Legazpin ez da gutako inor geratzen, lagunak bakarrik ditut han».
Duela gutxi izan da jaioterrian. «Alaba eskubaloi jokalaria da Porriño taldean, eta maiatzean Erregin Koparen azken fasea jokatzera Donostiara joan zenean, gu ere joan ginen. Bergaretxen hartu genuen ostatu». Duela bi urte ere izan zen, Hegialdeko jaietan, aitarekin batera, «Frantzian ikastaro bat egiteko elkarrizketa batetik nentorrela baliatuz».
Egur tornulari
Egurrarekin hasi zen lanean Martinez, Legazpin. «Zuzenbidea ikasten hasi nintzen unibertsitatean, baina gero elikagai industriako teknikari ikasketak egin nituen, eta haiek amaitzean, aitak esan zidan Urtatza aroztegian aprendiz bat behar zutela. Luxio Aztiriak eta Joxe Agirrek pazientzia handia izan zuten nirekin, baita Ormazabal lankideak ere».
Han hasi omen zen guztia, «nire lekua aurkitu nuen egurrarekin». Baina denbora batera hura utzi eta Korosti Instalazio Elektrikoetan hasi zen lanean, «oso lankide onak izan nituen han, lan asko egin nuen eta diru asko irabazi ere bai. Baina hura ere bukatu zen».
Gero, han eta hemen ibili ondoren, 2000. urtean Galiziara joan zen, eta han bikotea aurkitu eta egonkortu zen. Lanari dagokionez, harriarekin ibili zen, beste alor batzuetan ere bai, eta arotzeriara itzuli zen azkenik. «Eraikuntzarako egin nuen hasieran, baina gero, kasualitatez, yate barruak egiten hasi nintzen. Lan finagoa da, hobeto ordaintzen dute, eta nik asko ikasi nuen». Baina eraikuntzaren krisia iritsitakoan lanik gabe geratu zen, eta formaziora pasatu zen orduan, «ikastaroak eman nituen tarte batean, eta beste lan batzuk ere bai, eta ikastaro haien bitartez, egurrezko jostailuak egiteko ideiara iritsi nintzen. Nik uste dut orduan mamitu zela nire gaurko proiektua».
Egurrezko jostailuak egiteko, torneatzen ikasi behar zuen, eta Vigon aurkitu zuen maisua. «Tornuarekin hasi nintzenean, bizitza osoan nire zain egon zela pentsatu nuen. Orduan jostailuak eta dena ahaztu nituen, eta torneatzen hasi nintzen. Hasieran ez zitzaidan ezer ondo ateratzen, baina gauzak eginez ikasten joan nintzen, tornu bat erosi nuen etxerako… eta «nire ustez saldu zitezkeen gauzak» egiten hasi zen, artisau azoketara joaten…
Gero jakin zuen Frantzian eskola on bat zegoela, Ecole Escoulen izenekoa, Aiguines herrian, «eta han sartzea lortu nuen». Sei hilabeteko formakuntza jaso zuen, «irakasle onenekin». Han erabaki zuen egurrezko tornuaren proiektuarekin aurrera jarraitzea. Orduan zuen lana utzi, eta alabekin egoteko denbora eta gustuko lana egiteko aukera emango zion lanbideari eutsi zion.
Han zegoela, 2022ko amaieran, Artisautza Sarien finalista izendatu zutela jakin zuen, «egundoko aitortza izan zen niretzat». Eta ezagun egiten hasi zen batez ere dekoraziorako egiten zituen piezengatik: Arquitectura.y Decoracion aldizkarian atera zen, Nuevo Estilon ere bai… eta aurten Circulo Fortuny saria irabazi du, proiektuarekin hasi eta lau urtera.
Dekoraziorako piezak
Sormeneko torneatze lanak egiten ditu Martinezen, «nire lana barne diseinura eta dekoraziora dago bideratuta batez ere, pieza artistikoak egiten ditut, batzuetan entsalada ontziak edo katiluak bezalako pieza erabilgarriak egiten baditut ere».
Bizi den inguruko egurra erabiltzen du, berdea, «lehortzen den eran nik nahi dudan forma hartzen joan dadin, hori ikustea izugarri gustatzen zait!». Haritz, lizar, gereziondo eta gaztainondo egurra erabiltzen du batez ere, eta pieza guztiek egurraren jatorria zein den adierazten duen QR kode bat daramate. «azkenean, zure inguruari balioa ematea da kontua, horrela zeuri buruari ere balioa ematen diozulako».
Merkatua zaila dagoela dio, «egiten dudana ez da premiazko produktu bat, baina denerako merkatua dago».
Martinez azoka batzuetara joaten da, baina bere lana tailerrean bertan (Figueiro, Tomiño, Pontenvedra) edo instagram bidez erosi daiteke: aitor_punto da helbidea eta bere lanen erakusleihoa da.
l