Txomenarena, herritarren gune
Idiazabalgo bihotzean dagoen Txomenarena parkeak 100 urte beteko ditu 2025ean. Polit iristeko, udalak eraberritu egingo du eremua udan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/07/txomenarena_parkea_idiazab.jpg)
Asko izango dira batzuentzat 100 urte. Ez horrenbeste beste batzuentzat. Baina, dudarik gabe, idiazabaldarrek urteak bezainbeste oroitzapen izango dituzte Txomenarena parkean. Herriaren erdigunean dagoen lorategiak mendea beteko du datorren urtean.
Iñaki Arriaran Idiazabalgo Udaleko zinegotzia da, eta ondo ezagutzen du parkearen historia. Duela urte batzuk Aldaize aldizkarirako egin zuen Txomenarenaren inguruko artikulu batean deskribatu zuen lorategia Altolagirre Enea palazioaren osagarria zela; Altolagirretarrak indiano joan ziren Ameriketara eta han egindako diruarekin Idiazabal herriaren erdigunean zegoen Txomenane baserria erosi, bota, eta etxe eta lorategi dotorea eraiki zituzten. Espainiako erret familiaren gertukoa zen Donostiako enpresa batek diseinatu zuen lorategia 1925. urtean, eta mundu osoko zuhaitz eta landareak landatu zituzten. Baina, hasiera batean familia partikular batena zen espazio hori udalak eskuratu zuen denborarekin.
Herriaren erdian dagoenez parkea, eta gaur egun elkargune bat dela kontatu du zinegotziak. Umeentzako jolasteko gune bat du eta herriko adinekoak ere bertara joaten dira freskura bila Arriaranen esanetan.
Bizipen askoren lekuko izan da Txomenarena, eta hala izaten jarraitzea nahi du udalak, «gutxienez beste 100 urte». Baina itxuraldatu egingo dute atzera ez dadin geratu. Jaione Munarriz Idiazabalgo Udaleko Ingurumen zinegotzia da, eta bere esanetan «aurpegi-berritze baten beharrean» dago parkea. «Lorategiak mendea beteko duenaren aitzakian, udalak parkea berritu, mimatu eta goxatu egingo du, berau indarberritu eta merezi duen garrantzia emateko».
«Lorategiak mendea beteko duenaren aitzakian, udalak parkea berritu, mimatu eta goxatu egingo du»
Jaione Munarriz. Ingurumen zinegotzia
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren harremanetan, eta haien asmoen berri eman ostean eta elkarlanean lortutako Next Generation europar laguntzei esker hainbat lan egin ahal izango dituzte datozen hilabeteetan. Duela mende bat lorategiaren aurrekontua 11.624 pezeta eta 25 xentimokoa zen; orain, ordea, 47.801,33 euroko laguntza lortu dute.
Udan hasiko dira lanekin, eta hondatuta dauden hainbat elementu konpontzeko lanak egingo dituzte; esaterako herrigunetik gora doan eskaileraren zati bat. Okerra dago, eta bertan hormigoizko basea eta altzairuzko eskailerak jarriko dituzte. Datorren urtean ekitaldiak egiteko lekua ere prestatuko dute eta bertako zuhaitz eta landareak izendatzeko kartel informatiboak jarriko dituzte.
Bizitza sortzeko, bizidunak
Landare bizikorren eta lorea ematen duten zuhaixkak landatuko dituzte 70 metro karratuko gune eguzkitsu eta lau batean. Hiru eraztunez osatutako hezegune bat ere sortuko dute, zabaleran ia 9 metrokoa eta luzeran 5 metroko azalera izango duena eta, bide batez, anfibioentzat ekosistema egokia izango dena. Sareko urarekin beteko dute putzua; landareak ura oxigenatzeaz arduratuko dira.
Itzal eremu bat sortuko dute, hormigoizko hormaren inguruan, eta 400 metro koadro izango ditu. Zuhaitzen bidez lortuko dute itzala eta, bide batez, fruituak denboraldi ezberdinetan ematen dituztenez, txoriek jana bermatuta izango dute urte guztian. Eta hegaztiek babeslekua izan dezaten, zuhaixkak ere landatuko dituzte. 135 metro koadroko basoa sortuko dute.