Zapore ezin hobea utzi dute aurtengo Gabiriako jaiek
Larunbatean amaitu ziren, 300 inguru lagun bildu zituen herri afariarekin eta Joselu Anaiak taldearen dantzaldiarekin. Lehen balorazioa oso positiboa izan da.
Gabiriako festak amaitu dira, eta zapore ezin hobea utzi dute bai herritarrengan baita herrira hurbildutako kanpotarrengan ere. Abuztuaren 13tik 17ra bitartean ospatu dira Andra Mari eta San Roke jaiak, egundoko giroarekin eta partaidetzarekin.
Udalak oraindik balorazioa egiteko bilerarik ez du egin, baina Maialen Igartzabal zinegotziak aurreratu ditu lehen puntuak. “Gabiriako jaiak urtero joaten dira ondo, eta aurten inoiz baino hobeto. Balorazio oso-oso ona da”, esan du hasteko, eta herritarren jarrera eta partaidetza azpimarratu ditu: “Herria bolkatu egin da. Gazteak oso indartsu dabiltza, eta helduek ere ez dute hutsik egin. Gabiriako jaiak ezin dira herritarren laguntzarik gabe egin, auzolanean oso onak gara gu!”.
Ekitaldi asko eta asko izan dira aurtengo jaietan, baina bat nabarmendu du Igartzabalek, herri afaria. “Hauxe izan da aurtengo berritasuna. Orain arte beste modu batera egiten zen herri afaria, baina aurtengo aldaketekin, ia herri erdia elkartu dugu plazan, 300 inguru lagun. Eguraldia hortxe-hortxe izan genuen, baina eutsi zion, eta oso pozik geratu ginen guztiak”. Afariari amaiera emateko plan ezin hobea zuten, gainera, Joselu Anaiak taldearen dantza saioa. “Azken egun hau herri giroan ospatzen dugu batez ere, eta Joselu Anaiak taldeak ederki girotu zuen afalostea”. Beste bi ekitaldi ere nabarmendu ditu zinegotzi gabiriarrak, “jende mordoxka” erakarri zuen bertso saioa, eta txirrindulari proba, 50etik gorako txirrindulariren partaidetzarekin, “oso potentea” izan zelako.
Gaueko autobus zerbitzuak izan duen arrakasta ere aipatu du Igartzabalek, horri esker kanpotar ugari hurbildu delako herrira, “ostegun eta ostiral gauetan gazte ugari etorri dira, kontzertuetara”. Eta jaietako zapia ere ez du ahaztu nahi. “Aurten atera dugu lehen aldiz, urdin argi kolorekoa. Hurrengo urterako indartu nahi dugu bere erabilera”.
Hain zuzen, aurtengoak amaituta, hurrengo festak dituzte dagoeneko buruan gabiriarrek. Urte bete dute oraindik aurretik, nahikoa, amaitu diren hauek utzitako arrastoak gainditzeko.
ARGAZKIAK: Maialen Igartzabal