Aire libreko tomatea iritsi da azkenik Ordiziara
Aukeran daude dagoeneko Gabirako Oñatibi Txiki baserrikoa, eta Nafarroakoa, udare motakoa. Basaranak ere heldu dira. Plaza Nagusiko eraikina berritzen hasi dira, eta jarri dituzten aldamioen ondorioz,hainbat postu lekuz aldatu dituzte.
Goiz zaratatsua izan da gaur Ordiziako feriaren inguruan, Plaza Nagusiko aterpea konpontzeko aldamioak jartzen ari zirelako langileak. Udaletxetik begiratuta, eraikinaren ezkerreko aldean ari dira lanean astelehenetik, eta dagoeneko jarrita dauden aldamioen eraginez, hainbat postu lekuz aldatu behar izan dituzte gaurko feriarako. Goizaldean komeria txiki batzuk izan dituzte saltzaileetako batzuk haien kamioiekin eta kotxeekin plaza barrura sartzeko edo inguratzeko, baina oztopo horiek berehala gainditu eta normaltasun osoz joan da gero goiza, zarata batzuk kenduta. Postuak lekuz aldatzeak ere ez die eragozpen handiegirik eragin saltzaileei, erosleek berehala aurkitu dituztelako kokaleku berrietan.
Azokako egitura berri honek irailaren 11ra arte iraungo du, asteazken horretako feria bereziaren ondoren Plaza Nagusiko saltzaileak Garagartza plazara joango direlako, obra guztiak amaitu arte.
Tomatea eta sagarra, gaurko izarrak
Aurreko astean, Jose Antonio Elosegik jarri zituen salgai aire libreko tomate ale batzuk, baina gaur kaxakadak eskaini ditu gabiriarrak, alaba Uxue laguntzaile zuela. Gainerako saltzaileak aurten tomaterik ez dela izango esaten ari diren bitartean, Gabirian ez du arazorik izan Elosegik uzta jasotzeko, eta gaur salgai izan dituen ale ederrak izan dira horren erakusle. Kiloa 4,5 euroan zuen.
Horixe izan da gaurko berritasun nagusia ferian, baina Gabiriako baserritarrak aurkeztu du beste bat ere, erreineten erregina, kiloa 2 euroan.
Ez da hori izan gaur ferian ikusi den sagar mota berri bakarra, pare-parean postua duen Maria Jesus Oriak etxean “Espainiako bandera” izenez ezagutzen duten sagarra jarri duelako salgai. Izen berezi hori, sagar mota horrek duen kolore gorriagatik eta horiagatik omen da. Hori 2 euroan zuen salgai.
Oriak, bestalde, etxeko madaria ere eskaini du, kiloa 2 euroan hori ere.
Fruten atalarekin jarraituz, basarana aipatu behar da. Aramako Maite Zurutuzak zuen salgai, kiloa 7 euroan. Idiazabalgo Kalbario baserriko Amaia Alkortak bildutakoak ziren. Alkorta feriako saltzailea izan da urte askoan Ordizian, eta bere postua ezaguna zen sagarrengatik. Orain, jubilatuta, erosketak egitera eta aspaldiko lagunak agurtzera joaten da asteazkenetan Ordiziara.
Zurutuza aramarrak, bestale, lirio zuri eta arrosa usaintsuak zituen salgai, sorta 5 euroan.
Feriako aspaldiko saltzailea da, baita ere, Mikel Lasa, eta hori oso ezaguna da perretxikoengatik. Gaur ere izan ditu salgai ziza hori kilo batzuk. Lasarena izan da, hain zuzen, obren ondorioz mugitu behar izan den postuetako bat, baina metro gutxi batzuk bakarrik, kalean behera. Lasarenaz gain, Ramajo oliba eta goxoki saltzaileena eta Azanza lore saltzailearena ere aldatu dituzte lekuz; lehena plazaren gain aldeko kalean jarri dute, eta bestea eskuineko alboan.
Perretxikoetara itzuliz, Barcinak ere jarri du postua gaur, eta bi saltzaileen artean 50 kilo ziza hori (10 eta 20 euro artean kiloa) eta 60 kilo onddo (29-33 euro) eskaini dituzte.
Fruta sailtzaileen gunea ere aipatu behar da, abuztuan hutsune asko daudelako. Baina daudenen artean, gaur Javier Lacalle aipatu behar da, biloba Unairen laguntzarekin udare tomatea saltzen hasi delako, kontserbak egiten dituztenei eskainita batez ere. Nafarroako Mendabia herrikoak dira, eta kiloa 0,75 euroan dago.