Izadi Zaleak hasi da martxan, mendi ibilaldi berri batekin
Legazpiko mendizaleak "Arabako sekretuak eta bertan ezkutatuta dauden gazteluak" ezagutzera joango dira igandean. Gaur eman behar da izena, elkartean.
Legazpiko Izadi Zaleak elkarteak igandean hasiko du ikasturte berria, Arabara egingo duten irteerarekin. “Arabako sekretuak eta bertan ezkutatuta dauden gazteluak” ezagutuko dituzte. Gaur eman behar da izena elkartean, 18:30etik 19:30era.
Mendizaleak 07:00etan aterako dira Industrialdetik, eta Arabako hegoaldera joango dira, Errioxa eta Gaztela eta Leongo mugara, eta bertan “Erdi Aroan Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko gerra odoltsuen lekuko izan ziren lurrak esploratuko” dituzte. Ernesto Cervero eta Jose Martija izango dituzte gidari.
Ibilbideak 18 kilometroko luzera izango du, eta 750 metroko desnibela. Portilla herrian hasiko dira, eta 500-bat metrora, harresitutako herri baten hondarrak ikusiko dituzte, baita gaztelu ikusgarri bat ere. “XI. mendean eraikitako gotorleku hau funtsezkoa izan zen bai Nafarroako Erresumarentzat bai Gaztelarentzat, Ebro haranera sartzeko bidea kontrolatzen baitzuen, mendixka baten gailurrean kokatutako posizio estrategikotik”. Gaztelua mendi maldatsu baten gainean dago, eta Ebro haran osoaren ikuspegi paregabea eskaintzen du.
Hortik aurrera, Reajo haranera bidean jarraituko dute. Txulato mendia inguratuko dute, eta hegoaldeko isurialdera iritsiko dira. Errepidea gurutzatu ostean, Inglares ibaiaren ondoan gora egingo dute, Ocio herrira iritsi arte. Han, Llanos gaztelua ikusiko dute, “nahiz eta hondakinetan egon, oraindik gotorleku sendo baten esentzia gordetzen du. XIII. mendean eraikitako gaztelu hau Mendoza familia boteretsuaren jabetzakoa izan zen, eta haren kokapen estrategikoari esker, Ocio haraneko eta mendiko pasabideak kontrolatzeko abantaila militarra zuen”. Gaztelura igotzeak merezi duela diote ibilbidea prestatu dutenek.
Ociotik, GR-1 ibilbidearen seinaleak jarraituta, Berganzra joango dira, Uraren Ibilbide ikusgarriagatik ezaguna den herrira. Berganzotik, San Baules arroila igoko dute, eta handik Portillara itzuliko dira, amaitzeko. Legazpira itzultzeko bidean, bazkaltzera geratuko dira N-1 errepidean dagoen Ruta de Europa hotelean