Urrup antzerki talde goierritarrak ‘El parto’ Lazkaon egingo du gaur
Arerian da ikuskizuna, 20:30ean hasita eta sarrera doan dela. Genero ikuspegia umorearekin zipriztindu du Urrupek lan berrian. Jaiotza baten inguruko gogoetak eta klixeak azaleratu dituzte ‘El parto’ antzezlanean.
Goierriko Urrup antzerki konpainia amateurrak Lazkaon aurkeztuko du, gaur, El parto antzezlana. Areria antzokian, 20:30ean hasiko da, eta Berdintasun Sailak antolatuta, sarrera doan izango da. Gonbidapen txartelak aretoko leihatilak hartu behar dira.
Ana Martinez Azkona taldekideak idatzitako antzerki-lana da El parto. Mirentxu eta Pablo bikotearen arteko gora-beherak kontatzen ditu, genero berdintasuna eta umorea uztartuta. Senitartekoak ospitalera joango dira, jaio berriaren bisitan, eta itxaron-gelan umearen generoari buruzko galderek piztuko dute istorioaren trama. Ohi bezala, Rosa Rojo izango da Urrupeko antzezle taldearen zuzendari El parto-n ere. Urtzi Gorostiaga, Ana Martinez, Marisol Cavero, Julen Paredes, Juan Manuel Pecharroman, Jose Luis Elortza, Miguel Angel Veliz Lillo eta Jose Luis Argiñano goierritarrek jokatuko dituzte pertsonaien paperak. Julen Iraola da argikuntzaren eta soinuaren teknikaria.
Antzezlanean, «genero berdintasunak tradizio matxistari lotutako familia askoren egituran sartzeko dagoen zailtasuna» jorratzen da. «Lanak umorez begiratzen die feminismoari, matxismoari, maskulinitate berriari, rolei eta plazeraren gaineko mito faltsuei, edota sexu aniztasunari», azaldu du Urrup taldeak.
Hirugarren urtea
Lazkaoko Udalaren Berdintasun sailak hirugarren urtez antolatu du generoari buruzko antzerkia, aurreko bi urteetan ere Urrupen eskutik. 2022an, Tuppersex antzeztu zuten, eta 2023an Si ellas hablaran. El parto bezala, Ana Martinezek idatzitakoak dira.
Urrupek 30 urte bete ditu Goierriko antzerkigintza amateurraren erreferentzietako bat izaten. Ordizian sortu zuten, eta oraindik taldean dabiltza Marisol Cavero sortzaileetakoa edo Rosa Rojo, betiko zuzendaria. Urtero lantzen dute obra berriren bat, izan autore klasikoena –Shakespeare, Lorca, Txekhov, Ionesco, Tennesse Williams, Dario Fo…–, edo izan azkenaldian Ana Martinezek idatzitakoak –Psikoeskape ere berea da–.
Lazkaotarrak ez ezik, goierritar guztiak gonbidatu dituzte Areria antzokira.