Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Mirandaolara
Astebururo egingo dituzte bisitak, abenduaren 23ra arte. Astegunetan ikasle taldeekin egongo dira. Oraindik plazak daude. Mirandaola taberna eta jatetxean arduradun berria dago, Txomin Altzelai.
Olentzero eta Mari Domingi asteburuan iritsi dira Mirandaolara, Lenbur Fundazioak gonbidatuta, eta makina bat haur eta familiarekin elkartu dira. Astebururo joango dira berriz ere bisitan, abenduaren 23ra arte, eta astegunetan ere bai, ikasle taldeekin elkartzeko.
Familia jarduera honetan parte hartzeko txanda libreak daude oraindik, eta izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.
Aurten, Olentzero eta Mari Domingiren jarduera beste bi bisitekin osatzeko aukera eman du Lenburrek. Hala, egun berean Legazpiko bertako aiton-amonen eskola edo Ezkioko Igartubeiti ere bisitatu ahal izango dituzte familiek.
Duela hamahiru urte
Olentzero duela 13 urte hasi zen Mirandaolara haurren bisitak jasotzera, eta duela bi urte Mari Domingi elkartu zitzaion. Bi pertsonai horiez gain, ipuin kontalaria, Burdintxo eta gaztaina erretzailea ere izaten dira Lenburrek antolatutako familia jarduera horietan. Kanpaina hauetan 25 langile inguru aritzen dira lanean.
Euskal Burdinaren Museoan hasten da jarduera, Olentzero eta Mari Domingiri buruzko ipuin kontaketa batekin. Gero, Burdintxo pertsonaiak lagunduta, bisitariak parkera ateratzen dira, burdinolarako ikatzarekin eta sendabelarrekin menditik datozen bi pertsonaien bila. Burdinolara joaten dira gero, eta han Olentzerorekin eta Mari Domingirekin banan bana argazki ugari ateratzeko aukera izaten dute bisitariek. Haurrek gutunak eta opari txikiak ematen dizkiete bi pertsonaiei, eta horiek paxintxiak ematen dizkiete bueltan. Bisita amaitzeko, burdinolako langileen kapela jarri eta argazkia ateratzeko aukera ere izaten dute txikiek, baita gaztaina erreak jateko ere.
Olentzero eta Mari Domingi ikustera milaka pertsona joango dira aurten ere Lenburren aurreikuspenen arabera. Bisitari kopuru horrek Mirandaolan sortuko duen mugimendua herrigunera ere iritsiko da, familia askok Legazpi bisitatuz eta taberna, jatetxe eta dendetan kontsumituz osatzen dutelako txangoa.
Mirandaola taberna, irekita
Herriraino joan gabe, Mirandaolan bertan ere badago taberna eta jatetxea, pasa den asteburu honetatik bertatik kudeatzaile berriarekin gainera. Txomin Altzelai da arduradun berria, eta ilusio handiarekin eta gogotsu heldu dio proiektuari. Kafea, edariak, salda, pintxoak eta beste ditu aukeran, baita bazkariak ere, enkargatuz gero.