«Valentzian ahal zen tokian eraiki zen, prebentzio planik gabe»
Javier Martinek (Benicarlo, Castello, 1953) kezkaz bizi du Valentzian gertatzen ari dena. Izan ere, haren seme Iñigo bizi da han, eta berak ere 40 urtez bizi izan zen han.
Zer diozu uholdea gertatu den tokiaz?
Inguru osoa urak egina da. Bi ibai handi daude: Jucar eta Turia. Sailak ureztatzeko aukera dagoenez, nekazaritzak garrantzi handia izan du. Bertako baratzea oso aberatsa da. Hala, Valentzia hiriaren inguruan milioi eta erdi lagun bizi dira. Horietatik, milioi erdi hegoaldeko baratzea bezala ezagutzen den tokian. Uholdea hor izan da. Lurrak oinordeko guztien artean banatzen zirenez, lur jabe txiki asko daude eta asko espekulatzaileak dira edo legezkoak ez diren txaletak egin dituzte. 2000. urtera arte, gutxi gorabehera, nekazariak aberatsak ziren. Baina banaketa enpresa handien sorrerarekin, ekoizle txikiek ez dute etorkizunik. Handiek bakarrik. Nekazariak izanik, zeruari begiratu izan zaio beti. Raimon abeslariak bere herrian ez dakiela euria egiten dio: gutxiegi edo gehiegi egiten duela. Hala, uholde asko jasan ditugu. Klima aldaketak ez du batere laguntzen, noski. Lehen tanta hotzak zirenak, egun DANAk dira. 1947ko, 1957ko eta 1982ko uholdeak sonatuak izan ziren.
Oraingoa Barranco del Pollo izenarekin ezagutzen den tokian izan da.
Horko urak Albuferara joaten dira. Albufera urmael handi bat zen eta txikitzen joan da. Zergatik? Lurrez estali da laboratu ahal izateko. Gainera, azken 50 urteetan populazioa asko igo da. Valentzia bete denean, inguruko herriak hazi egin dira. Ibaiak herrien erditik edo albotik pasatzen dira eta beraiengandik hurbil eraiki da. Herriak eta hiriak 1965etik eta 1995etik aurrera hazi ziren batez ere. Gainera, 1995etik aurrera industrialdeak eta merkataritza guneak ere eraiki ziren. Ahal zen tokian eraiki ziren, urak hartu ditzakeen inguruen prebentzio planik gabe. Plana 2003an egin zen. Bestalde, 2007an Barranco del Polloko arrisku plana egin zen, baina ez da ezer egin ibilgua hobetzeko. Trafikoa ere arazoa da. Autoari lehentasuna eman zaio eta sekulako trafikoa dago, baina ez dago antolatuta.
«Valentzia bete denean, inguruko herriak hazi egin dira. Ibaiak herrien erditik edo albotik pasatzen dira eta beraiengandik hurbil eraiki da»
Zer gertatu zen urriaren 29an?
Euria goialdean egin zuen. Behealdean ez zuen euririk egin eta ura bat-batean heldu zitzaien. Arratsaldean izan zenez, eguneroko gauzak egiten harrapatu zituen. Ebrok daramana baino lauzpabost aldiz ur gehiago heldu zitzaien, toki estu batetik. Hala, ura ibilgutik atera zen. Dena urbanizatuta dagoenez, urak dena estali zuen.
Zer diozu agintariek egun hartan izan zuten jarreraz?
Carlos Mazon presidenteak eta bere gobernuak sekulako ardura dute, 20:00ak arte ez zutelako alarma deia zabaldu. A zer nolako pisua duten gainean! Madrilen proba bat egin zuten eta jendeak abisuak beraien intimitatea inbaditzen zuela esan zuen. Bestalde, presioa handia da. Kataluniako telebistan negu batean alerta mezu bat bidali zuten eta ez zuen espero bezainbeste elur egin. Eski estazioetako jendea haserretu egin zen. Gainera, Valentziako gobernuak turismoarekin lotura handia du. Industria kontseilaria patronaleko kidea da. Eta uholdea zubiaren bezperan izan zen… Esan beharra dago ere PP, PSOE eta Compromiseko udal batzuk beraien eskuan zegoena egin zutela: alerta jo zuten, ikastetxeak itxi zituzten… Utieleko udalak, adibidez.
Zer diozu Espainiako Gobernuaren jarreraz?
Hiruzpalau egun egon ziren laguntzarik gabe. Jende horri ezin diozu legeez hitz egin. Hara joan behar duzu. Oscar Puentek ondo ulertu zuen.
«Carlos Mazon presidenteak eta bere gobernuak sekulako ardura dute, 20:00ak arte ez zutelako alarma deia zabaldu. A zer nolako pisua duten gainean!»
Zure semeetako bat Valentzian bizi da.
Ikasten ari da eta zapatila denda batean lan egiten du. Bonaire merkataritza guneko dendan lan egiten duten bere lankideak ozta-ozta libratu ziren. Nire semea laguntzen aritu da.
Zientzialariek ez dute lan erraza.
A zer nolako garaia bizi dugun… Klima aldaketaren ukatzaileak, zientziaren ukatzaileak, Trump-ek Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi ditu eta Le Pen, Orban eta Vox-ekin harremana du… Horiek guztiek institutu zientifikoak, gizartearen eta ezagutzaren arteko bitartekariak, itxi nahi dituzte. Eta zerbitzu publikoak kendu. Valentziako gobernuak larrialdi unitatea kendu zuen. Zergak kendu nahi badituzu, horrelakoak egin behar dituzu, noski. Horren guztiaren atzean pribatizazioa dago. Elon Musk-ek-eta administrazioa desegin nahi dute, administrazioak eskaintzen duena beraiek eskaintzeko. Sare sozialen papera ere aipatu beharra dago. Zurrumurru eta gezur zabaltzaileak dira. Ezinbesteko bitartekariek, komunikabideek, indarra galdu dute. Hori oso arriskutsua da.