Gipuzkeraz idatziko lehen liburua, ordiziar batena
Jose Otxoa de Arin ordiziarrak 1713an idatzitako 'Doctrina christianaren explicacioa Villa Franca Gipuzkoaco onetan euscaraz it eguiten dan moduan' da gipuzkeraz idatzitako lehen liburua.
Gipuzkeraz idatzita kontserbatzen den liburu zaharrenetako bat ordiziar batena da. Horixe jakinarazi du Arantzazuko Liburutegi eta Artxibo Frantziskotarreko kideek sare sozial bidez. Hain zuzen ere, Ordiziako Jose Otxoa de Arin bikarioarena da, 1713an idatzitakoa, Doctrina christianaren explicacioa Villa Franca Gipuzkoaco onetan euscaraz it eguiten dan moduan liburua. Guztira 1.652 ale argitaratu ziren, horietatik 150 Ordizian banatu zituzten. Gaur egun, 1713an idatzitako jatorrizko lanaren oso kopia gutxi kontserbatzen dira. Horietako bat, oraindik Arantzazuko frantziskotarren liburutegi eta artxiboan kontsultatu daiteke. 175 orriko liburua da.
Ordizian jaio zen Jose Otxoa Arin 1672. urtean. Eskribaua eta Carlos II.aren idazkari izandako Lorenzo Otxoa de Arin Arza (1640) eta Josefa Azubia Aldabalderen (1643) semea zen. «Itsasondoko elizaren Benefiziadu izanik, 1697ko maiatzaren 29an Villafrancako Santa Maria Parrokiako bikariotzan sartu zen ofizialki. Kargu honetan mantendu zen 1743an hil zen arte. Bere bizitzako azken urteak ez ziren batere errazak izango, 1735ean erabat itsu geratu zelako», diote Arantzazuko artxibozainek.
Gurasoei «adbertenzia»
Hitzaurrean ageri denez, «Pueblo onetako jenteari eta familiko guraso guziai egiten zate adbertenzia» liburuan. Era horretan, «kartilla onetan arkitzen dan Doktrina, da gutxienaz persona bakoitzak bere animaren salbaziorako jakin bear debana, eta irakatsi bear zatena aurrai, oek uso razoezkora datozen tenporan iduki dezaten ezaguturik, eta jakinik zenbat estimatu bear dan birtutea, eta nola segitu bear zaion birtuteko bideari, Zerura juateko, eta zenbat iguin, edo aborrezimentu artu bear zaion pekatuari, eta zein kuidadu andiarekin bear dan igas egin pekatuaren bide, ta okasio guzitik, ez erorteko infernura».
Buruz ikastea ere komeni zela zioen: «Onez ostean, emen entzutera ematen dan gauza da, ezen, asko inportaduko baleu ere memoriaz ikastea Kartilla onetan euskaraz eskribiturik dijean guztia (Konfesio Jenerala, edo partikulara egiteko instruzio, edo regla aez kanpora, eta Konzienziaren examinez kanpora, zeñak arkitzen diraden Kartilla onen bostgarren, eta Seigarren kapituluetan) bastante, edo asko dan adinbat izango dala jakitea Doktrina Kristiana alako moduan nola galdetzen zaionean Kristaubari».