Goierriko landa garapenaz hausnartzeko bost bilera antolatu dituzte
Goierriko landa garapenari buruzko hausnarketa prozesua abiarazi dute erakunde publikoek, Goierriko garapen agentziekin eta bost udalerriren laguntzarekin. Goierritar guztiei zuzendua, bost bilera izango dira. Lehenengo lan-saioak gaur dira, Ataunen eta Gabirian.
«Etorkizuneko zure herria nola irudikatzen duzu?» galdera eginda, eragileen eta norbanakoen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte parte-hartze eta hausnarketa prozesu horretan. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Goieki eta Goimen landa garapen elkartea dira sustatzaileak.
Bost herritan egingo dituzte gaurkoa bezalako saioak. Eragileekin hausnarketa bat egin, eta egon daitezkeen erronkak identifikatu nahi dituzte horietan. Herritar norbanakoek ere parte har dezakete.
Gaur, 18:30ean hasiko dira Ataungo saioa (udaletxeko batzar aretoan) eta Gabiriakoa (kultur etxean). Altzagan, Mutiloan eta Gaintzan ere egingo dituzte ekimen bereko beste hiru jardunaldi.