«Argazkian zure alderdi hori jartzeko kemena izan behar duzu»
Argazkilari profesionalen estatuko elkargoaren Lux sarietako bat jaso berritan, Donostian bizi eta lan egiten duen Jose Luis Lopez de Zubiria legazpiarrak (Iruñea, 1957) errepasoa egin dio bere ibilbide luzeari.
Sari garrantzitsua jaso duzu.
Hori ez da nire helburua, baina ondo dator, oso pozik nago egia esan, sormen jarduerak gorabehera asko izaten dituelako. Gauza xume bat lortzeko soberan dagoen guztia kendu behar da, eta lan handia eskatzen du, asko iragazi behar da. Talentu handia duen jendea badago, hasieratik guztia argi daukana, baina ni ez naiz horrelakoa. Zerbaiten atzetik hasten naiz, kliska egiten dut, eta gustatzen ez zaidana kentzen joaten naiz, nire ustez argazkian egon behar duen ezinbestekoarekin bakarrik geratu arte. Hori dago nire lanaren atzetik.
Ez da zure lehen Lux saria.
Ez. Sari hauek argazkilari profesionalen elkarteak sortu zituen duela urte batzuk, argazkiari balioa emateko, orduan argazkilari profesionalok egiten genuen lana oharkabean geratzen zelako askotan. Sari horiek enkarguzko argazkiak Espainian egindako ibilbidea erakusten dute, eta horrelako lanekin irabazi ditut nik aurretik zazpi Lux, urrezkoak, zilarrezkoak eta brontzezkoak. Azken hauek nire denbora librean ateratako irudiekin lortu ditut, izadi hilaren kategorian, Kaiena, baratxuria eta tipula obrarekin.
Nola hasi zien argazkigintzan?
Ingeniaritza tekniko elektronikoa ikasi nuen Arrasaten, baina ez nuen aurkeztu karrera amaierako proiektua. Lan harekin, ordea, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen sari bat irabazi nuen, eta diru harerekin kamera bat erosi, eta Donostiara joan nintzen, ordurako afizio nuen argazkigintza lanbide bihurtuz. Kask estudioa ireki nuen Juan Luis Gonzalez legazpiarrarekin batera.
«Aurrera egiteko bide bakarra zure lana ondo egitea da, ondo geratzea, eta orduan berriz deituko dizute»
Lan ugari egin zenituzten Kask estudioan.
Publizitate munduan sartu ginen, eta besteak beste, IZ musika estudiorako egin genuen lan, disko azaletarako argazkiak eta diseinuak egiten. Bitartean, atez ate joan ginen publizitate agentzietan, baina oso gogorra izan zen, gehienek bazituztelako dagoeneko argazkilariak. Hala ere, lortu genuen enkargu bat hemendik, beste bat handik, eta aukera bakoitza ondo aprobetxatuz eta lan ondo eginez, gure lekua egin genuen.
Noiz hasi zinen zure kabuz?
Kask estudioaren etapa duela 30 urte inguru amaitu zen, eta orduan bakarka hasi nintzen, Lopez de Zubiria izen komertziala hartuta. Eta orain arte. Donostiako Igara auzoan muntatu nuen estudio berean jarraitzen dut. Hasiera gogorra izan zen, freelance gisa lan egitean, gaur zer duzun badakizulako, baina bihar zer izango duzun ez. Horregatik, gauzak ondo egin behar dira, ez egin egiteagatik bakarrik, edo diruagatik… horrela bada, gaizki zoaz, aurrera egiteko bide bakarra zure lana ondo egitea delako, ondo geratzea, eta orduan berriz deituko dizute. Argazkiak enkarguz egitean, argazki horren premia beste buru batean jaiotzen da, eta oraindik existitzen ez den argazki bati adjudikatutako irudia dauka. Horren aurrean, profesional baten lana briefing-a edo proiektuaren xehetasunak ondo zehaztea da, eta briefing-ik ez badago, galdera asko egitea, argazki horrek duen misioa, helburua edo zentzua ezagutzeko, eta ahalik eta zuzenena edo fidela izan behar duzu. Baina aldi berean, ukitu pertsonala eman behar diozu, otzanegia izanda, erreproduzitzaile hutsa izango delako. Hain justu, askotan jendeak deitzen dizu zugandik zerbait gehiago espero duelako. Zure alderdi hori jartzeko kemena izan behar da, beste baten enkargua jasotzen duzu, baina proiektua zurea balitz bezala hartu behar duzu.
Zer da zuk zeure aldetik argazkietan jartzen duzuna?
Orokorrean, argazkilari baten bila datorrenak erretratuan ona zarela, produktuan ona zarela, metalen argiztapena ondo kontrolatzen duzula… hori begiratzen du, hau da, aurretik egin duzun lana hartzen du kontuan. Baina hasieran ez dizute erabateko konfiantza ematen, zuk dituzun asmoak ikusi arren, zurekin hitz egin arren, ez dakitelako noraino hel zaitezkeen. Nik uste dut hasi, gauza txikiekin hasten direla, baina hain justu gauza txiki horiek dira garrantzitsuak, aukera handia direlako. Enkargua egiten duenak agian ez du eskakizun handiegirik argazki horretarako, ez du langa oso altu, baina zuretzat langa hori altu jartzeko unea da, aurrekontua baxua izanda ere. Aurrekontua gauza bat da, eta argazkia beste bat. Azken batean, ezin duzu egin gustura uzten ez zaituen zerbait. Eta hori poliki-poliki bezeroarekin duzun harremana konkistatzen joaten zara, eta bezeroak gehiago hitz egiten du… eta guztiak forma hartzen du azkenean.
«Argazkigintza industriala ere egiten dut, industriaren mundurako, eta besteak beste Legazpiko Bellota enpresarentzat egin dut lan»
Zein da bezeroak zutaz duen erreferentzia?
Lehen ez zegoen Internet, eta orduan liburuetan, aldizkarietan edo iragarkietan argitaratzen zenuena izaten zen nire erakusleihoa. Orain, Instagram edo Linkedim dira erakusleihoak, eta lanerako tresnak. Nireak, arlo profesionalerako erabiltzen ditut bakarrik, bereziki instagram, gastronomiako argazkiak argitaratzeko.
Gastronomia aipatu duzu, horretan espezializatu zara?
Bai, eta ez. Madrilen eta Bartzelonan argazkiaren merkatua hiri txikietakoa baino zabalagoa izan da beti, eta argazkilariek espezializaziora jo dute. Baina plaza txikiagotan lan egin dugunak lur orotakoak gara, eta nik denetik egin dut. Gastronomiaren gaia Santos Bregaña eta Javier Matxinbarrena Mugaritz jatetxearen dekorazioa egiten ari zirenean sortu zen; argazkilari bat behar zuten, eta ordutik 27 urte daramazkit hango platerei argazkiak ateratzen. Liburu batzuk ere egin ditugu, eta horien artean garrantzitsuenetarikoa Clorofilia izan zen, gastronomiaren munduan oihartzun handia izan zuena, nahi berritzailea zelako.
Sukaldari gehiagorekin lan egin duzu.
Bai, Clorofilia-n egin nuen lana ikusita, Heston Blumenthal sukaldari britaniar ezagunak deitu zidan bere liburua egiteko, eta gero Mauro Colagreco ezagutu nuen, eta ondoren sukaldari askorekin egin nuen lan. Horregatik esaten du jendeak gastronomian espezializatu naizela, baina ni, lur orotariko argazkilaria naiz.
Zein alor gehiago ukitzen duzu?
Argazkigintza industriala ere egiten dut, industriaren mundurako, eta besteak beste Legazpiko Bellota enpresarentzat egin dut lan. Egia esan, denetarako irekita nago, horrek aberastasuna ematen dizulako.
Zinemarako ere lan egin duzu.
Bai. Artimaña diseinu grafikoko estudioa zuen Toni Galindoren bidez, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema jaialdirako kartela egin nuen, harrez eta begiz beteta zegoen krispeta kaxa batena eta eskuarena, eta horren ondoren etorri ziren Donostiako Zinema jaialdikoa, Singing in the rain filmean oinarritutakoa. Gero gehiago etorri ziren, eta Marisa Paredes aktorearekin egin nuena gogoratzen dut bereziki.
Zertan ari zara orain?
Mugaritzekin jarraitzen dut, Ambivium jatetxearekin ere bai, Mauro Colagregorekin proiektu bat dator, duela gutxi industria alorreko lan bat egin dut… Gelditu gabe nabil.