Bi urologoren hitzaldia eskainiko du gaur Movember Goierrik
Carlos Garmendia Larrea ordiziar urologoarekin batera, Kataluniako Guillerm Morales urologoa ere izango da hitzaldian.
Azaroa ia amaitzear denean, Movember kanpaina ere amaierara iristen ari da. Dena den, ostegun iluntzean bibotedunek Ordizian azkeneko taldeko argazkia atera aurretik, gaur, bi urologoren hitzaldia antolatu dute D’Elikatuzen, 18:45ean hasita. Carlos Garmendia Larrea ordiziar urologoarekin batera, Kataluniako Guillerm Morales urologoa ere izango da hitzaldian.
Juan Carlos Garmendia Medikuntza eta Kirurgian doktorea eta urologian espezialista da 1990etik. Bidasoako eskualdeko ospitalean sail horretako buru izan zen, eta handik Donostiako Ospitalera igaro zen. Han jarraitzen du lanean. Espainiar estatuan eta nazioartean artikulu eta lan ugari argitaratu ditu, baita medikuntzaren historiaren hainbat arlori buruzko kolaborazioak ere, euskaraz, Osatuberri aldizkarian.
Movember Goierriko kideek aurreratu dutenez, «oraingo honetan hizpide dugun hitzaldian, doktoreek beren denbora banatuko dute, bertaratutakoen artean sor daitezkeen zalantzetarako tarte bat gera dadin, eta egin litezkeen galderei erantzuteko prest agertuko dira, gaiarekin zuzenean lotuta ez egon arren, barrabiletako minbiziari edo gaixotasunaren ondoriozko inpotentziari buruzko jakin-mina egon daitekeen heinean».
Gizonen osasun arazoak
Movember Goierri elkarteak urteak daramatza azaroan zehar gizonezkoen osasun arazoen kontzientziazioa eta prebentzioa lantzen. Besteak beste, prostatako minbizia, barrabilak edo suizidioa. «Hain zuzen ere, lau suizidioetatik hiru gizonek egiten dituzte».
Prebentzio lanaz gain, Movember Goierrik, lehen aipatutako gaixotasunen ikerketan laguntzeko dirua biltzera bideratutako ekintzak egiten ditu, «herriko taberna eta establezimenduak itsulapikoaz ereiten, interesa duen orok kausan lagundu ahal izan dezan».
Azaroa bukatzearekin batera, beraz, Movemberren ikur diren biboteak mozteko garaia iritsiko da.