Urretxuko kantu afariari buruzko dokumentala datorren asteartean estreinatuko dute
Urretxuko Santa Anastasia jaietako kantu afariak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, Gattiken ikus-entzunezko enpresak Urretxuko kantu afaria 30 urte dokumentala egin du, antolatzaileek eskatuta. Dokumentala datorren asteartean aurkeztuko da, Euskararen Egunean. Ekitaldia Labeaga aretoan izango da, 19:00etan. Kantu afariaren antolatzaileek urte hauetan guztietan ekitaldian parte hartu dutenak dokumentalaren aurkezpenera gonbidatu dituzte.
Dokumentalak ordu erdiko iraupena du. Hasteko, Gattikenekoek aurtengo kantu afariaren prestaketa grabatu zuten, herritarrek ekitaldiaren atzean dagoen guztia jakin dezaten. Horretaz gain, urte hauetan guztietan kantu afariko protagonistak izan direnen testigantzak jaso dituzte: parte hartzaileak, musikariak, antolatzaileak… Kantuaren garrantziari buruz hitz egin dute, besteak beste. Hori guztia urte hauetan guztietan ateratako argazkiekin jantzi dute.
Urretxuko Santa Anastasia jaietako kantu afaria 1994an jaio zen, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen eskutik. Herritarren artean kantu zaletasuna bizirik mantentzea zen helburua. Berehala urretxuarren eta zumarragarren ekitaldi kuttunetako bat bilakatu zen.
Zintzo-Mintzoren kultura batzordearen ekimenez sortu zen. Urretxuko eta Zumarragako euskaltzale elkarteak batzorde ezberdinak zituen eta horietako bat, aktiboena, kulturakoa zen. Zumarragako jaietan giza katea antolatu zuen eta Urretxuko jaietan kantu afaria. Kantu afaria Zintzo-Mintzo sortu zen urte berean sortu zen. Jose Mari Lasaren proposamena izan zen. Euskara eta herria ardatz izango zituen ekitaldi bat nahi zuen.
2002ko ediziorako liburuxka bat argitaratu zen ordura arte abestutako kantekin eta bertan ekitaldiaren sorreraren berri ematen da. «Euskaldunon ohituretako bat kantu zaletasuna zen. Edozein unetan abesten genuen: bazkalostean, afalostean, lanean, jokoan… Baina kantua galtzen ari zen eta Jose Marik zerbait egin beharra ikusi zuen. Jendeari kantatzeko aukera emango zion zerbait: jai giroan, era herrikoian, kuadrillan… parte hartzea bultzatuz. Jose Marik kultura batzordean bota zuen. Urretxuko jaiak eta Abenida aproposak ikusi zituen, herritarrak elkartzeko», aipatzen da bertan.
Jaietako azken egunean, Kuadrillen Egunean, egitea erabaki zen. Sekulako arrakasta izan zuen. Lehenengo urtean antolatzaileak motz gelditu ziren: ogitartekoak bukatu egin ziren. Urte askotan 850 ogitarteko banatu zituzten. Egun, gutxiago banatzen dituzte. Gizartea aldatu egin da eta jende askok nahiago du bere afaria eraman.
Musikariak
Ogitartekoak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoak dira musikariak. Jose Mari Lasa musikaria zen eta bera arduratu zen musikariak elkartzeaz. Lehen urteetako argazkietan Jose Mari bera, Angel Mari Urrestarazu, Iñigo eta Mikel Peñagarikano, Juan Luis Aranburu, Mikel Alustiza eta Xabier Barriola ageri dira. Baina urte hauetan guztietan askoz ere musikari gehiago pasa dira kantu afaritik: Ibon Garmendia, Mariaje Arratibel, Unai Izagirre, Patxi Urrestarazu, Arantzazu Calvo, Gorka Ojanguren, Gorka Azkarate, Iñaki Larrañaga eta Gari, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti, Endika Altzelai…
Horretaz gain, jende asko igo da oholtzara abestera: Andoni Salamero, Maddi eta Garazi Martin ahizpak, Oihane Toledo, Madina Ahizpak, Santos Ormaetxea, herriko familia eta kuadrilla ezberdinak…
Gainera, urtero musikari ezagun bat gonbidatzen dute. Urretxuko kantu afaritik Erramun Martikorena, Amaia Zubiria, Txomin Artola, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil, Antton Valverde, Anje Duhalde, Niko Etxart, Fermin Valencia, Andoni Ollokiegi… pasa dira.
Adin guztietakoak
Kantu afaria Urretxuko sinbolo bat dagoeneko eta adin guztietako bizilagunen estimu handian dute. Aurten, 30. urteurrena dela eta, Abenidara itzuli dira eta adin guztietako urretxuarrak eta zumarragarrak elkartu dira bertan.
Etorkizunera begira, erronka musikari gazteei tokia egitea da. Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!